Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan bezalaxe, Zarautzen ere hauteskunde eguna da gaurkoa. Eusko Legebiltzarreko ordezkariak hautatu behar dituzte adinez nagusi diren herritarrek eta 09:00ak jotzearekin batera zabaldu dituzte hauteslekuak. Hala, Zarauzko hainbat bizilagunek dagoeneko eman dute botoa eta beste batzuek beranduago egingo dute; izan ere, 20:00ak arteko epea dute. Herriko 18.406 lagun daude botoa ematera deituta, orotara.
Hauteslekuei lotuta, Zarautzen izan da aldaketarik; zeren, orain arte Orokieta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako eraikineko frontoian bozkatu duten herritarrak (2-3A, 2-3B, 2-4A, 2-4B eta 2-7C mahaiak) eskola bereko Haur Hezkuntzako eraikinean bozkatzen ari dira gaur. Bestalde, Salberdingo etxebizitza berrien eremuan bizi diren zarauztarrek boza eman dezaten, 2-12 mahaia sortu dute Lizardi kirol aretoan.
Gogoratu, halaber, atari honek gertutik jarraituko duela hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko dela unean uneko emaitzen berri ematen, grafikoekin eta bestelako irudiekin.