Haurreskolan izena emateko epea bihar zabalduko dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 21a, 09:00

Zarauzko haurreskola. (Zarauzko Udala)

Gurasoek maiatzaren 10era arte izango dute matrikulazioa egiteko aukera. Zentroa aldez aurretik ezagutzeko aukera ere izango dute, nahi izatekotan ate irekiak antolatuko baitituzte interesa dutenentzat.

Zarauzko Udalak bihar zabalduko du datorren ikasturteko haurreskolan matrikulazioak egiteko epea. Maiatzaren 10ean itxiko dituzte eta bitarte horretan, izena eman aurretik, informazioa jaso nahi duten gurasoek horretarako aukera izango dute. Aurrez aurre egiteko aukera izango dute, gainera, bulegora bertaratuta. Udalak zehaztu duenez, 08:30etik 15:30erakoa izango da arreta ordutegia astelehenetik ostiralera.

Horrez gain, ate irekiak ere antolatuko ditu eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua. Hiru bide izango dituzte horretarako: bulegoan bertan, e-postaz zarautz.zarautz@haurreskolak.eus helbidera idatzita edota telefonoz 943-83 59 19 zenbakira deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide