EH Bilduk "politika egiteko beste modu bat eramango du Legebiltzarrera"

Andrea Zipitria 2024ko api. 14a, 18:08

EH Bilduk kanpainako ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Zarautzen. Alderdiak Legebiltzarrerako dituen asmoen inguruan jardun dira Itziar Murua EH Bilduko zerrendaburua eta bozeramailea, eta Gipuzkoako Legebiltzarreko hirugarren zerrenda-kidea, eta Nekane Zinkunegi EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoa.

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Zarautzen. Bertan hitza hartu dute Itziar Muruak, EH Bilduko zerrendaburuak eta bozeramaileak, eta Gipuzkoako Legebiltzarreko hirugarren zerrenda-kideak, eta Nekane Zinkunegik, EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoak.

Orain dela bost urte ikaskuntzatik udal politikara salto egin zuela gogorazi du Itziar Muruak mitinean, eta modu batera edo bestera urte hauetan guztietan lagundu diotenei eskerrak eman dizkie gero.

Hauteskundeei begira jarri da ondoren: "Debateetan, inkestetan eta prentsan orokorrean, EH Bilduk emaitza onak edukiko dituela entzuten ari gara, EITB Focusek ere gauza bera esan du gaur eta benetan sinesten dugu irabazi egingo dugula. Emaitza oso onak izango ditugula", azaldu du.

Alde horretatik, EH Bildurentzat "ilusio garaia" da, eta "pentsatzen dut pauso hau emateko aukeratu dudan garaia ikusita, benetan zorteduna naizela". Hala ere, iritzi dio ez dela kasualitate bat, "herri hau aldatzeko lanean gabiltzan guztiok, udalerrietan eraikitzen ari garen ilusio bat da, eta ez besterik gabe sortu dena. Horregatik, gero eta jende gehiago gaude EH Bildun, gero eta gehiagok sinesten du. Hainbat herritan egiten den lanak asko eragiten duela esango nuke".

Gaur gaurkoz, EH Bilduk 51 herri gobernantzen ditu Gipuzkoan. Horregatik, "ez gatoz esku hutsik", baizik eta "eredu pila ditugu udalerrietan eta bertan ikusten da zer ari diren egiten". Horietan guztietan "herritarren interesa" da abiapuntu. "Politika egiteko beste modu bat erakusten dute, eta oraintxe daukagu aukera hori guztia Legebiltzarrera eramateko", gaineratu du.

Kanpainako hainbat gai jarri ditu mahai gainean: "osasungintza publikoaren dekadentzia dago, etxebizitza politika eza edota zaharkituta dagoen zaintza ereduaren eraldaketa falta bat, eta beste modu horretan lan eginda eragin ahal izango genukeen beste hainbat eta hainbat gai, izan hezkuntza, politika, izan trantsizio ekosoziala, izan ingurumena edo segurtasuna. Horietan guztietan guk nahiko genukeen bezala eragiteko aldaketa da behar duguna eta hori da egun hauetan aldarrikatzen ari garena".

Aldaketak, "gobernantza eta lidergo berri bat ekarri behar du", Muruaren ustez. "Lidergo partekatu bat, erronka argiak dituena, herritarrekin batera, sindikatuekin batera, enpresa taldeekin, eta elkarteekin batera, politika publiko duinak bideratuko dituena, elkarlanean eta gardentasunez, hori da egin nahi duguna". 

Programan jasotako konpromiso batzuk azpimarratu ditu. Lehenengo konpromisoa da, "subiranotasun estrategikoa indartzea". Bigarrena, berriz, "herritarren ongizatea" da. "Etxebizitzaren eskubidea" da beste bat. "Larrialdi ekologikoa" da EH Bilduren beste erronketako bat. Horregatik guztiagatik, herritarrei eskatu die EH Bilduren aldeko apustua egiteko; "gauzak aldatzeko aukera erreala da".

"Orain da gure momentua"

Nekane Zinkunegik hartu du hitza ondoren. Murua Legebiltzarreko zerrendan egongo dela eta "oso pozik eta harro" dagoela adierazi du. EH Bilduren "goranzko joera" aipatu du, eta konbentzituta dago apirilaren 21ean EH Bildu "lehen indarra" izango dela. "Gure momentua orain da, beti gora goazelako, eta eztanda egin arte eramango dugu EH Bilduren olatua". "Lehentasunez herritarrek zaindu eta babestuko dituen gobernua" eraikiko dutela esaten borobildu du hitzaldia.

 

 

 

 

 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide