Zarauzko Udalak 427.951,78 euro (BEZ barne) bideratuko ditu zaharkituta eta kaltetuta dauden barandak berritzeko. Hain zuzen, ‘Zarautz Modelo’ baranda berritzeko proiektua lanketaren barruan lizitaziora atera du udalak lan horiek burutzeko proiektua, eta baranda berriak jartzeaz aparte, pinturak berritzeko lanak egitea eta herdoilaren aurkarako estaldurak aplikatzea ere aurreikusten dute. Interesdunek datorren astelehenera arte, hilaren 8ra arte, izango dute proposamenak aurkezteko aukera.
Eraberritze lanak malekoian eta Getaria arteko pasealekuan hasiko dituzte, Iban San Martin obra eta zerbitzuen zinegotziak jakinarazi duenez, "gune horiek kresalak gehien zigortutakoak direlako, eta horiek berritzea lehentasuna delako". Zehaztu duenez, zati hauetan kokatuko dituzte baranda berriak: Borghetto, Lizardi kalea, Duke Enea, Munoa eta moila inguruan (Getaria bidea). Era berean, Musika Plazako, Lege Zaharren Enparantzako, Santa Klarako (trenbide aldea), Bizkaia kaleko (trenbide azpiko pasabidea) eta Zelai azpibideko barandak ere margotuko dituztela gaineratu du.
Esleipena ebatzi ondoren lanek zazpi hilabete inguruko exekuzio epea izango dutela jakinarazi du udalak.