Artearen hazia ereiteko asmoz, ArtHaziak ikus-entzunezko saioa eskaini du Gukak bere hedabide guztietan aste honetan zehar. Eskulan saioa izan da, eta guztira zortzi eskulan egin ahal izan dituzte ArtHaziak saioa jarraitu dutenek: igela, tigrea, mikroskopioa, garaikurra, animaliak, txita, martetarrak eta suziriak.
Saio horiek 5 urtetik gorako umeei zuzenduta egon dira, eta apirilaren 2tik 5era bitartean ikusgai izan dira Erlo Telebistan eta Gukaren webgune guztietan, 15:00etan: maxixatzen.eus, uztarria.eus, baleike.eus, karkara.eus, zarauzkohitza.eus eta urolakosta.hitza.eus atarietan, hain zuzen ere. Ordu berean Erlo Telebistan ere ikusi ahal izango dira ikus-entzunezkoak.
Mireia Galarza Bastida aurkezleak gidatu ditu saioak, eta eskulan bakoitza pausoz pauso nola egin behar den azaldu du ikus-entzunezko bakoitzean. Zortzigarren eta azken eskulanean, matematikekin jolasteko estralurtarrak egingo ditu aurkezleak, eta honako osagaiak erabiliko ditu: kartoia, koloretako errotulagailuak, errotulagailu beltza, artaziak, errotulagailu beltz potoloa, zeloa, plastikozko begiak eta gantxo batzuk.