Artearen hazia ereiteko asmoz, ArtHaziak ikus-entzunezko saioa eskainiko du Gukak bere hedabide guztietan aste honetan zehar. Eskulan saioa izango da, eta guztira zortzi eskulan egin ahalko dira ArtHaziak saioak jarraituta: igela, tigrea, mikroskopioa, garaikurra, ardiak, txita, martetarrak eta suziriak.
Saio horiek 5 urtetik gorako umeei zuzenduta daude, eta apirilaren 2tik 5era bitartean ikusi ahal izango dira Erlo Telebistan eta Gukaren webgune guztietan, 15:00etan: maxixatzen.eus, uztarria.eus, baleike.eus, karkara.eus, zarauzkohitza.eus eta urolakosta.hitza.eus atarietan, hain zuzen ere. Ordu berean Erlo Telebistan ere ikusi ahal izango dira ikus-entzunezkoak.
Mireia Galarza Bastida aurkezleak gidatuko ditu saioak, eta eskulan bakoitza pausoz pauso nola egin behar den azalduko du ikus-entzunezko bakoitzean. Lehenengo eskulanean, mingain luzedun igela egingo du aurkezleak, eta honako osagaiak erabiliko ditu: artaziak, konpasa, bi aldetatik itsasten den zeloa, zelo normala, arkatz bat, itsasteko kola, lastotxo bat, makila estu bat, eta kartulina berdea, zuria, beltza eta gorria.