Etorkizuneko euskal futbolarien erakusleiho izan da Asti aurtengo Aste Santuan ere

Maialen Etxaniz - Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 30a, 13:00

Kimu mailako mutilek Jose Angel Iribar Txapelketa jokatu zuten atzo goizean, eta herriko taldea nagusitu zen. Jende ugari bertaratu zen partidak ikustera, eta giro ederra sortu zen harmailetan. Handik ikusi zuen finala Jose Angel Iribarrek berak. Arratsaldean, berriz,  emakumeen sariketa jokatu zuten, eta Reala izan zen garaile, Goierri Gorriri penaltietan irabazita. 

Gaztetxoen futbola izan zen protagonista atzo Asti futbol zeilaian. Kimu mailako mutilen eta nesken futbol txapelketak jokatu zituzten, eta eguraldi makurra izan bazuten ere, giro ederrean aritu ziren futbolaren bueltako festa.

Mutilek, Jose Angel Iribar Txapelketa jokatu zuten goizean, eta ZKE, etxeko taldea, nagusitu zen. Gainera, ez zituzten nolanahiko aurkariak izan aurrean, Euskal Herriko bi futbol talde indartsuenak diren Reala eta Athletic garaitu zituzten finalean eta finalaurrekoan, hurrenez hurren. Finalaurrekoetan, hiruna amaitu zuten ZKEk eta Athleticek eta penaltietan eskuratu zuten finalerako txartela zarauztarrek. Finala ere penaltietan erabaki behar izan zuten arauzko 20 minutuak banako berdinketarekin amaitu ondoren. Hala, emozioz betetako jaurtiketen ostean, etxeko nagusitu zen berriro ere.

Azpeitiko Lagun Onak taldeak ere hartu zuen parte txapelketan eta laugarren sailkatu zen txapelketa ederra egin ondoren. Finalaurrekoan, Realak kaleratu zuen Azpeitiko taldea, partida estu baten ondoren, eta hirugarren eta laugarren posturako lehian Athletic nagusitu zitzaion. Hori bai, Lagun Onakeko Manex Aurrekoetxea atezaina izendatu zuten txapelketako onena, eta Jose Angel Iribarren eskutik jaso zuen saria. Partida artean, gustura eta irabazteko gogoz agertu ziren Zarautzeko eta Lagun Onakeko futbolariak.

Goizean nahiz arratsaldean ere, jende ugari bertaratu zen Astira txapelketaren barruko partidak ikustera, eta gaztetxoak animatzera. Hori horrela, giro ederra sortu zen harmailetan. Handik ikusi zuen mutilen finala Jose Angel Iribarrek berak.

Arratsaldean, nesken txapelketa jokatu zuten, esan bezala, eta Reala izan zen garaile, Goierri Gorriri penaltietan irabazita. Zumaiako sailkatu zen hirugarren. Jokalari onenaren saria, berriz, Goierri Gorriko Lizar Garmendiak jaso zuen. Kimu mailako neskak ere pozik aritu ziren futbolean, baina batzuek aitortu zuten gogorra ere egin zitzaiela.

Gaur, larunbatez, amaituko dituzte Astiko Aste Santuko futbol txapelketak. Infantil mailako mutilen Gonzalo Urkia txapelketarekin egingo dute, hain zuzen ere. Une honetan ari dira jokatzen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide