Euskal Herriko bi futbol talde indartsuenek ez dituzte kimu mailako ZKEren mutilak kikildu eta etxeko Futbol Txapelketa irabazi dute. Jose Angel Iribar atezain mitikoaren izena daraman txapelketa, alegia. ZKE Alkar A taldeak Reala nahiz Athletic menderatu ditu eta merezimendu osoz altxatu du garaikurra.
Lehenengo fasean, A multzoan aritu dira ZKE Alkar A taldea eta lehenengo postuan sailkatu da. Hala, Donostiako Lengokoak taldearen aurka aritu da finalaurrekoetan eta nagusitasunez gainditu du kanporaketa. Gehiago kostatu zaio Atlhetic garaitzea finalaurrekoan; izan ere, penalti jaurtiketara jo behar izan dute partida 3-3ko berdinketarekin amaitu ondoren. 3-0 aurreratu da etxeko taldea, baina bilbotarrek markagailua atzera berriro parekatzea lortu dute. Finalean, azkenik, Reala izan dute aurkari eta talde txuri urdina menderatzeko ere penaltietara jo behar izan dute. Athelticekin gertatu bezalaxe, markagailuan aurre hartu du ZKEk eta berdintzea lortu du ondoren, talde donostiarrak. Arauzko hogei minutuetako emaitza bestelakoa izan da, ordea, 1-1 amaitu baita partida.
Laugarren, berriz, Azpeitiko Lagun Onak sailkatu da sekulako txapelketa egin ondoren. Finalaurrekoan Realak kaleratu du partida estu baten ondoren, eta hirugarren eta laugarren posturako lehian Athletic nagusitu zaio. Edonola ere, Azpeitiko taldeak eraman du saririk; izan ere, Manex Aurrekoetxea Albizuri atezaina txapelketako onena izendatu dute eta Jose Angel Iribar beraren eskutik jaso du saria.