Zarauzko Udaleko Gazteria departamentuak antolatuta, Ekintzaile Gazteen Azoka egin zuten pasa den asteburuan Munoako karpan. Hamahiru gazte zarauztarren ekintzailetza proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan eskaini zuen ekimenak, eta Zarauzko Udalak positibotzat jo du azokaren lehen edizioa. Halaber, parte hartzaileak "errepikatzeko gogoz" agertu direla ziurtatu du.
Horregatik guztiagatik, Irune Urbieta Gazteria zinegotziak, "eskerrak" eman dizkie egitasmoa aurrera eramaten jarduten zuten pertsona guztiei: "Alde batetik, azokan parte hartu zuten hamahiru ekintzaileei eta, bestetik, jardunaldia borobiltzen lagundu zuten bolondres guztiei: Izeta harri-jasotzaile eskolako kideei, Imanol Urbieta Musika Eskolako Konbo taldeari, Monte Albertiako ikasle eta irakasleei eta jardunaldian zehar bertan izan ziren esatari, argazkilari, modelo lanak egin zituztenei eta gainontzeko bolondresei”, zehaztu du.
Horrez gain, gazteen artean "ekintzailetzarako gogoa eta talentua" badela azaldu du. Ekintzailetza proiektuak ezagutzeko aukeraz gain, jardunaldian zehar herri kirolak, musika emanaldia eta moda desfilea ere izan ziren azokan.