Garagardo iturriak dagoeneko martxan dira Munoa plazako karpan; izan ere, ZRT Zarautz Rugby Taldeak Aste Santuan antolatu ohi duen Garagardo Azokak atzo iluntzean zabaldu zituen ateak. 22. edizioa du egitasmoak eta arrakasta handia du, bertako bizilagunak ez ezik inguruko herrietakoak ere bertaratzen direlako. Hala, atzokoan ere jende ugari bertaratu zen Europa guztiko zaporeak dastatu asmotan.
Azoka inauguratzeko antolatzaileek omenalditxoa antolatu nahi izan zuten aurtengoan ere. Klubak etxean jokatzen dituen partidetako hirugarren denbora antolatzeaz arduratzen den taldeari egin zioten aitortza, hain zuzen ere. Errugbian, partidak amaitzean, bi taldeetako jokalariek elkartzeko ohitura dute batera jan eta edateko eta hirugarren denbora deitzen diote horri. Atzoko omenaldiarekin hura prestatzeaz arduratzen diren boluntarioaei egiten duten lana eskertu nahi izan zien ZRTk. Omenduek, pozik jaso zuten oroigarria, baina argi adierazi zuten "gustoz" egiten dutela eta "ez halako aitortzak jasotzeko".
Behin Garagardo Azoka inauguratuta, datorren astelenera arte jarraituko du zabalik. Bihar, gainera, mus txapelketa jokatuko dute eta larunbaterako herri bazkaria antolatu dute.