Eskualdeko hautagaiak aurkeztu ditu EAJk Zumaian

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 22a, 12:00

Joseba Egibar, Eugenia Arrizabalaga eta Jon Ander Azpiroz jeltzaleek hartu zuten hitza, eta guztiek defendatu zuten EAJ-ren eredua dela herritarrak ordezkatuko dituena, esperientziaduna eta sendoa. 

Atzo arratsaldean aurkeztu zituen EAJk Urola Kostako hautagaiak Saregileen Plazan. 18:30ean hasita, hainbat herritar nahiz eskualdeko EAJko alderdikideak elkartu ziren bertan, baita Joseba Egibar, Eugenia Arrizabalaga eta Jon Ander Azpiroz hizlariak ere. Eskualdeko zerrendakideak ere bertan izan ziren. 

Zerrendakideen ordezkari bezala, Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea izan zen lehenengoa hitza hartzen. Bertso bat botaz hasi zuen hitzartzea, eta bertan azaldu zuen kostako taldea "herritarrak ordezkatzeko asmoz" datorrela lanera. Hori eta gero, gazte garaiko oroitzapenei buruz jardun zuen aiarrak. Bere ustez, urte askotan "tabu bat" izan da politikari buruz jardutea, are gehiago EAJ alderdikoa izanda. Bere hitzetan, jeltzaleak izanda, "seinalatuak eta epaituak" izaten ziren gazteak, eta "jazarpen egoerak" ere jasaten zituzten askotan. 

Abertzale izatearen nondik norakoei buruz mintzatu zen jarraian. Bere aburuz, "abertzale izatea herria maitatzea da, herritarren pentsamendua edozein dela ere". Horregatik, "herrigintzaren garrantzia" azpimarratu zuen, eta metafora bat erabili zuen alderdi jeltzalearen lana irudikatzeko: "Gu 4X4 ibilgailuak bezala gara, edozein lurrazaletan lan egiteko prest gaudenak, martxa txiki eta luzeetan. Ibilgailuak 6 martxa edukiko balitu ere horietara moldatuko ginateke, guztia herritarrei laguntzeko bada". 

Jarraian, Eugenia Arrizabalagaren txanda izan zen. Bere ustez, "EH Bilduk marko mental bat ezarri du" eta beraiek esaten dute "zer pentsatu eta esan daitekeen eta zer ez". Haien helburu bakarra "hegemonia politikoa lortzea" dela salatu zuen, eta horretarako "dena balekoa zaiela". "Estrategia perfekzionatu dute orain, mendeko eragileak aktibatuta, besteak beste. Beraiek lokatzaren gainetik ibiltzen diren bitartean, beraien peoiak mugitzen dituzte bazterrak nahastu ditzaten. Horretaz gain, EAJren kudeaketa eredua zikintzen saiatzen ari dira uneoro, eta horregatik jarduten dute beti Osakidetzagatik", gehitu zuen. 

Amaitzeko, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak hitz egin zuen. Abertzaletasunari buruz hitz egin zuen, eta azpimarra egin zuen EAJren taldea izango dela aberzaletasuna defendatuko duen talde bakarra.  "Lehen euskal abertzaleak ziren EH Bildukoak, gero euskal independentistak, eta orain ezker plurinazionalak dira. Beraien proiektua estatuko beste proiektuekin bateratu behar dute, eta hortik dator kontzeptu aldaketa hori. Hor garbi uzten dute beraien helburuak ez direla gure helburuak. Gure lehentasunak herri nahiekin lotuta daude, eta beraien lehentasunak ezker abertzaleek nahiekin lotuta daude". Hori horrela izanda, "irtenbidea EAJ-k ikurtzat dituen sendotasuna eta esperientzia" direla defendatu zuen Egibarrek.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide