23. Korrika

Herriko txikiak ostiralean aterako dira Korrikan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 14a, 18:15

2022ko Korrika Txikia. (Aritz Mutiozabal)

Lau ikastetxek parte hartuko dute eta 16:30ean abiatuko dira Antonianotik. Herriko hainbat kaletatik igaro ondoren, Lege Zaharren enparantzan emango diote amaiera.

23. Korrika atzo abiatu zen Irundik eta asteazken goizaldean iritsiko da Zarautzera. Horren aurretik, ordea, Korrika Txikia egingo dute berotzeko. Bihar arratsaldean izango da hori eta herriko lau ikastetxek parte hartuko dute. Hala, bateko eta besteko ikasleek elkarri lekukoa pasatuz herri barruan osatuko dute ibilbidea.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, Antonianotik abiatuko dira 16:30ean eta Salbatore Mitxelena ikastolarako bidea hartuko dute, udaltzaingoaren egoitza parera iritsitakoan, eskuinera egingo dute bira eta, ondoren, ezkerrera, tren geltoki paretik kasino kalera arte jarraitzeko. Kasino kaletik igaro eta gero, eskuinera hartuko dute Gipuzkoa kaletik segitzeko, baina berehala egingo dute eskuinera berriro trenbidearen azpiko pasabidetik Zelai Ondora iristeko. Mitxelena kaleko biribilgunetik aurrera jarraituko dute Aritzbatalde kiroldegirako noranzkoan eta inguru horretan hartuko dute lekukoa Orokieta Herri eskolako ikasleek. Kiroldegiko biribilgunean eskuinera egingo dute bira Araba Kaletik Azken Porturako bidean jarraitzeko eta Agoueseneko biribilgunera iritsitakoan La Salle Ikastetxekoek hartuko dute lekukoa. Ondoren, Urdaneta kaletik segituko dute eta Bizkaia kalearekin bat egiten duen biribilgunean ezkerrera hartuko dute bertan dagoen azpibidetik pasatzeko. Aurrera jarraituta, beste biribilgune batera iritsiko dira eta azken aldiz eskuinera eginda Lege Zaharren Enparantzara iritsiko dira. Hain justu, bertan izango du helmuga Korrika Txikiak.

Behin korrika saioa amaituta, dantza saio batekin emango diote amaiera ekitaldiari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide