Ohiko legez, zarauztarrek herriko kaleak bete dituzte aurtengoan ere Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko. Koordinadora Feministak deituta, Gure bizitzekin negoziorik ez! lelopean egin egin dute manifestazioa eta jendetza elkartu da. Anbulatoriotik abiatu dute protesta eta manifestazio burua herrigunera daraman zuzengunea amaitzen ari zela, jende multzoaren azken lerroa anbulatorio pareko biribilgunean zegoen oraindik. Hala, Lege Zaharren Enparantza ere leporaino bete dute protesta amaierako ekitaldian.
Bilgune Feministako eta Morroxkak herriko neska gazteen taldeko kide bana izan dira hitza hartu dutenak ekitaldi horretan, eta azaroaren 30eko greba feminista izan dute gogoan. "Historikoa" izan zela nabarmendu dute, eta protesta hura egiteko arrazoiak gogoratu dituzte. Salatu dutenez, ordutik hiru hilabete igarota, "bide beretik" jarraitzen dute. Hala, salatu dute "emakumeen lan-indarra esplotatzen duen sistema heteropatriakal kapitalista" bati egin behar diotela aurre, "bai etxean, bai enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere". Horrek, "zuzenean prekarietatera eta etengabeko zapalkuntza egoeran bizitzera kondenatzen" dituela gaitzetsi dute.
Halaber, "Palestinar herria jasaten ari den genozidio eta sarraskia" gogoratu nahi izan dute, eta, "bereziki emakume palestinarrak, emakumeen gorputzak izaten direlako lehen konkista-lurraldeak". Bide beretik, "migrazio prozesua abiarazi eta Europara iristerakoan Atzerritartasun Legearen ondorioz, indarkeria jasaten ari diren emakumeak" ere izan dituzte gogoan, "baita indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak ere". Hala, "justizia feminista" aldarrikatu dute.
Ekitaldia amaitzeko, Konplize ditut eta abestia kantatu dute bertaratu guztiek plazaren erdigunean Zarauzko Abesbatzakoak kokatuta, eta, azken-azkenik dantza ere egin dute. Behin ekitaldia amaituta, emakumeen batukadarekin jarraitu dute anbulatorioan hasitakoa borobiltzeko.