Ondas sarietarako izendatu dute berriro 'Artxipelagoa' podcasta

Jabi Gonzalez Toston 2024ko martxoaren 10a

'Artxipelagoa' podcastaren egileak hirugarren denboraldiaren aurkezpenean. (EITB)

Hizkuntza koofizialetan ekoitzitako podcast onenaren arloan izango da hautagai bigarren urtez jarraian. Ekainaren 19an egingo dute sari banaketa ekitaldia Madrilgo Circo Price antzokian.

Artxipelagoa fikziozko podcastak bigarren urtez jarraian jaso du Podcastaren Ondas Sarietarako izendapena. Iaz bi arlotan izan zen hautagai, eta, aurtengoan, bakarrean izango da. Estatuko hizkuntza koofizialetako podcast onenaren kategorian, hain zuzen ere. Iaz, ez zuen kategoria bakar batean Odas Saria irabazterik lortu, baina epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen "soinu diseinu apartagatik".

Oier Aranzabal Aiako bizilagun zarauztarrak zuzentzen du Ulu Mediak EITB Podkast plataformarentzat sortutako fikziozko podcasta, eta, Xabier eta Martin Etxeberria anai zarauztarrak dira gidoilariak, gainera. Artxipelagoa 2021eko urrian estreinatu zuten eta hiru denboraldiren ondoren amaitutzat eman dute proiektua. Urtarrila amaieran argitaratu zuten azken atala.

Joan den urteko podcast onenak Ondas Sariekin aitortzeko ekitaldia Madrilen (Espainia) egingo dute aurtengoan, ekainaren 19an, Circo Price antzokian, eta lau aurkari izango ditu Artxipelagoak estatuko hizkuntza koofizialetako podcast onenaren sariren kategorian: katalanezko 3Cat Catalunya Radioren Extrema Catalunya eta Gent normal, galegozko Sapo Vermellorren Exercito Mekeme eta balearrezko IB3 irrati eta telebista katearen Campeon!.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide