Gela programaren barruan, bihartik hasi eta hurrengo saioetan emakumeak zineman izan duen presentzia nabarmenduko du Photomuseumek. Zinemak rol femenino estereotipatuekin jokatu du behin baino gehiagotan, hala nola emakume gaiztoa, objektu sexuala, bere funtzio soziala betetzen duena, heroina edo bere printze urdina bilatzen duena. Edonola ere, patriarkatu klasikoak zuzendutako estereotipoetatik kanpo, zinemaren historian estereotipoekin ere hautsi da, horiek kritikatuz, erakutsiz edo besterik gabe hautsiz.
Hain justu ere, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, estereotipoetatik kanpo beste ikuspegi bat eta pentsatzeko modu bat sustatzen duten pelikulak lantzen hasiko da Photomuseum. Gisa horretan, "hausnartzen lagun diezaguten".
Bihar, lehen saioan, 1927ko Ryazaneko emakume nekazariak film sobietar interesgarriarekin eskainiko dute. Film mutu honetan, hainbat emakume nekazarien istorioa kontatzen da, melodrama eta patriarkatuaren kritika handiko koktel batean. Emanaldia 18:00etan izango da, dohainik, edukiera bete arte.