Eva Manzanas eta Lore Austing: "Gu maila altuko txapelketan aritzea pizgarria da umeentzat"

Jabi Gonzalez Toston - Urtzi Oteiza 2024ko mar. 7a, 13:00

Zarauzko Judo Klub Lizardiko hiru emakumek Espainiako Txapelketa jokatuko dute larunbatean, junior mailan. Eva Manzanas (Orio, 2004) eta Lore Austing (Zarautz, 2005) dira horietako bi.

Naiara Villasante taldekidearekin batera junior mailako Espainiako Txapelketa jokatuko duzue larunbatean, Madrilen. Zer helbururekin zoazte?

Lore Austing: Espainiako Kopako hainbat proba jokatu ditugu denboraldia hasi genuenetik, eta horietan lortu ditugun emaitzak aintzat hartuta, itxaropena dugu bi edo hiru borrokaldi egiteko. Horrek esan nahiko luke lortu dugula kanporaketaren bat gainditzea. Espainiako Txapelketa baino apalagoak dira proba horiek, baina balio digute gure maila zein den ikusteko. Dena den, helburu nagusia ondo pasatzea eta gozatzea da.

Eva Manzanas: Ni ere ondo pasatzeko eta bizpahiru borrokaldi jokatzeko asmo berarekin noa, etxera sentipen onekin itzultzeko.

Dominak urrun ikusten dituzue, beraz.

L. A. :
Bai. Naiarak izan dezake aukera baten bat lortzeko, batez ere, iaz lehen urtea izan zuelako junior mailan eta jada lortu zuelako domina bat irabaztea. Nik, ordea, zaila ikusten du nire burua borroka horretan egotea, nahiz eta nahiko nukeen, noski.

Biok azken aukeran lortu duzue Espainiako Txapelketara sailkatzea. Otsaila amaieran Gasteizen jokatutako sektorean eskuratu zenuten txartela. Kanpoan geratzeko arriskuan ikusi al zenuten zuon burua?

E. M. :
Nik Euskadiko Txapelketan sentitu nuen arrisku handiena, zeren lau judoka ginen sektore horretara pasatzeko lehian eta bi borroka gainditu behar genituen horretarako. Behin sektorea jokatzeko sailkapena lortuta, banekien aukera gehiago izango nituela.

L. A. :
Niri kontrakoa gertatu zitzaidan. Banekien Euskadiko Txapelketan ez nuela zailtasun handirik izango sektorera sailkatzeko, eta azken horrek ematen zidan beldurra.

Bederatzi emakume lehiatuko zarete Espainiako Txapelketan Euskadiko selekzioarekin, eta hiru Zarauzko klubekoak zarete. Zer egin du taldeak hain maila oneko emakumeak izateko? 

L. A. :
Ordu asko pasatzen ditugu tatamian. Hala ere, klubak badu indar berezia nesketan, bai.

E. M. :
Neska gehiago gara mutilak baino.

Borroka kirolak gehiago lotu izan dira gizonekin, baina diozuenez, Lizardik ez du hori betetzen. Zergatik?

L. A. :
Uste dut teoriatik gehiago duela horrek errealitatetik baino; zeren, txapelketetara joaten garenean ere, kopuruak antzekoak dira. Mutilen kopurua zertxobait handiagoa izan daiteke, baina oso txikia da aldea.

Kirolean gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko bidean, azpimarra jarri ohi da emakume erreferenteak izateak duen garrantzian. Hala sentitzen al zarete?

E. M. : Taldeko haur judokentzat garrantzitsua da nagusiak Espainiako Txapelketan ikustea. Beraz, zentzu horretan bagara erreferenteak, nolabait.

L. A. : Gainera, umeen entrenatzaileak ere bagara biok, eta gu Espainiako Txapelketara sailkatzea pizgarria da haientzat. Azken finean, itxaropena eta ilusioa pizten dizkie, zeren, ikusten dute judoko teknikak irakasten dizkien pertsona horrek gero maila handiko txapelketak jokatzen dituela, eta, ondorioz, etorkizunean haiek ere aukera izan dezaketela gauza bera egiteko. 

Erreferenteak aipatuta, Oihana Blanco judoka oriotarra oso gertukoa duzue zuek. Munduko txapeldun izan zen, eta Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Zer da zuentzat harekin tatamia partekatzea?


E. M. :
Niretzat ohorea da eta inspiratzailea, aldi berean. Gainera, haren kategoria berean lehiatzen naiz, 48 kilo azpikoan, eta horrek are bereziagoa egiten du. Gure entrenamenduak ere zuzendu izan ditu inoiz, eta hainbat txapelketatara joan da gurekin.

Kategoriei lotuta, kirolarien pisuaren arabera banatzen dira. Bada, beraz, judokek tentuz zaindu behar duzuen zerbait.

E. M. : Dieta zaindu behar izan dut nik denboraldi honetan, izan ditudalako gorabeherak nire pisuarekin. 48 eta 50 kiloen artean dantzan ibili naiz, baina txapelketa iritsitakoan pisu egokia beti eman dut: 47,5.

L. A. : Kadete mailatik juniorrera pasa nintzenean, kategoria aldatu nuen eta ez dut pisu arazorik izan ordutik. Dena den, beti ematen digute ehun gramoko marjina gora eta behera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide