Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak lurralde ekonomiari ekarpena egin dioten emakumeak saritu zituen otsail bukaeran Donostian. Arkami estudioko bazkide-sortzaile Kattalin Urzelai (Zarautz, 1986) arkitektoak ekintzailetzaren aipamen berezia jaso zuen. Oso pozik eta harro agertu da merezimenduarekin.
Nola jaso zenuen sariaren berri? Espero al zenuen?
Ezusteko atsegina izan da. Kontua da sariaren berri jakinarazi zidatenean, ezer ez esateko eskatu zidatela. Izan ere, egokitu zidaten saria ez zuten oinarrietan jarri. Bi sari nagusi ematen dituzte, eta oinarri batzuk kontuan hartuta, hainbat hautagairen artean aukeratzen dituzte irabazleak. Nire saria, aitzitik, aparteko zerbait izan da, eta antolatzaileek beraiek erabaki dute niri ematea. Ez nuen ezer espero, baina sari banaketa ekitaldira arte isilpean gordetzeko eskatu zidaten.
Aspegik emandako ekintzailetzaren aipamen berezia da jaso duzun aitortza. Zer da zuen proiektua hautatzerakoan baloratu dutena?
Bada, egia esan, ez digute ezer aipatu. Pixka bat norbere ibilbidea hartzen dute kontuan, zer lan eta proiektu eraman dituzun aurrera, baina ez didate esan zertan oinarritu diren saria niri emateko orduan. Hainbat profil eta ibilbide aztertu zituztela esan zidaten, eta aipamena niri egitea erabaki zutela.
Zure ustez, zein izan da gakoa?
Egia esan, ez dakit. Estudioa abian jarri genuenean, Aspegirekin elkarlanean hasi ginen: programa bat zuten, Emakin emakume gazte ekintzaileak martxan jartzeko, eta horrela ekin genion. Gakoa konstantzia izan daiteke... Bestalde, lantaldea hiru emakumek osatzen dugu, eta pentsatzen dut hori ere baloratuko zutela. Estudio txiki bat izan arren, hamar urte daramatzagu martxan, eta ez da gutxi; izan ere, egun arkitektura dagoen bezala dago, eta gu geu hasi ginenean ere, eraikuntzaren krisiari eta egoera kaskarrari aurre egitea nahiko zaila zen. Beraz, nahiko lan eskatzen du.
Arkitektura ikuspegia oso maskulinoa izan da historikoki. Zuek beste begirada bat ematen al diozue?
Gure arloa oso maskulinizatua da. Lanean emakume asko ari dira, eta arkitektura eskoletan ere emakume ikasle gehiago daude gizonak baino, baina oraindik ere estudioetako bazkide edo nagusi gehiago dira gizonak. Proiektu handietan eta komunikabideetan gizonezko arkitektoek izaten dute oihartzun handiena. Hala ere, emakumeak hor gaude, eta atzeko lana egiten dute maiz.
Gure estudioa emakumez osatuta dagoenez, askotan aipatu izan dugu bestelako estudio bat dela. Badugu zerbait besteekiko ezberdintzen gaituena. Emakume garen aldetik, proiektuak beste ikuspegi batekin diseinatzen ditugu. Erreformak egin behar direnean, adibidez, emakumeok etxera eramateko kultura handiagoa dugu, eta diseinatzerakoan aplikatu egiten dugu hori nahi gabe. Hala, lortzen ditugun emaitzak askoz ere hobeak izaten dira. Horrez gain, bezeroekin hitz egiten dugunean, askotan psikologo lanak egiten ditugu: obra bat izatez oso estresagarria da, eta gu hor egoten gara haien kezkak argitzeko. Beraz, zentzu horretan, gertutasuna transmititzen dugula adierazi digute.
Emakume arkitektoz osaturiko lantalde askorik ez da izango, ezta?
Ez daude asko, ez. Gurean gizonezkoak ere izan ditugu, baina orain hiru emakume gaude, eta oso ongi moldatzen gara. Bakoitzak bere kargak ditu, eta emakumeok, azkenean, umeak direla eta beste kontu batzuk direla, nik uste dut beste inplikazio bat dugula. Geure artean, gainera, asko hitz egiten dugu, eta primeran konpontzen gara. Giro oso ona dugu geure artean. Jakina, lan asko eta estres handia izaten dugu, baina gero barruak husteko batak bestearen babesa izaten du.
Zein da Arkami estudioaren berezitasuna?
Alde batetik, emakumeak garela, eta bestetik, gure estudioan arte galeriatxo bat dugula. Ahal izanez gero, bertako artistekin egiten dugu lan, emakumeei presentzia eman nahian. Une honetan, Eva Azkue zarauztarraren margolanak ditugu erakusgai. Saiatzen gara artistei oihartzuna ematen eta laguntzen, eta beraien artelan horiek gure proiektuetan barneratzen. Gisa horretan, gure diseinuei izaera berezia ematen diegu; izan ere, egun joera dago Ikeara eta Leroy Merlinera joan eta edozein lamina erosteko. Nolabait ere, bisitan joaten zarenean, etxe bat edo bestea ikusi, denak antzekoak izaten dira. Ez dute bereizgarririk izaten. Gu saiatzen gara izaera propioa ematen etxe bakoitzari.
Aspegiko sariak oihartzuna emango dizue. Hortik aurrera, zer espero duzue?
Horrelako sari bat norberak egin duen lanari eginiko aitortza da. Azken finean, oso nekeza da bidean egindako lan hori guztia. Askotan pentsatu izan dut uztea eta beste zerbaiti heltzea edo etxean geratzea. Estres momentu horietan horrelako berri bat jasotzeak, ordea, sekulako indarra ematen dizu aurrera jarraitzeko. Itzela izan da norbaitek guk egindako lana baloratzea; aurrera jarraitzeko irmotasuna ematen du. Azkenean, ez da erraza emakumea izanda merkatu honetan aurrera ateratzea. Askotan gertatu izan zaigu inspekzio bat egitera joan eta atea ireki digutenean, harriduraz «a, zu al zara?» galdetzea, arkitekto hitzarekin gizonezko bat espero dutelako. Gaur egun ere halako egoerak bizi beharrak atentzioa ematen du. Nahiko ohikoak dira, oraindik ere.
Familiako zapategia, arkitektura gune
Arkami estudioa dagoen tokian Frantziskotarren jabetzako apaiz etxea zegoen bere garaian, eta Kattalin Urzelairen birraitonak berreraiki zuen; gerora, solairu bakoitza seme-alaben esku geratu zen, horietako bat bere aitonaren jabetzan. "Beheko lokal hau nire osaba baten emazteak jarri zuen salgai, eta erosi egin genuen, Kale Nagusian egoteaz aparte, sentimentu karga handia zuelako", aitortu du.
Urzelai zapategia egon zen urte askoan Arkamiko lokalean, aitonak zabaldutakoa. "Zapatak neurrira egiten zituzten, eta nire aita-eta hemen ibiltzen ziren txikiak zirenean", azaldu du arkitektoak. Estudioko sarreran zapategiko plaka dute jarrita, baita bi zapata oroigarri gisa ere. "Azken finean, hemen egiten zuen lan familia osoak".