Laguntzaz betetako maletak

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2024ko mar. 5a, 12:00

Kongoko Bunkeya misioan murgildu dira Zarauzko hainbat emakume. Hango ospitalean egongo dira ia hiru astez, "ahalik eta gehien laguntzeko asmotan".

Ezer ez omen da kasualitateetatik sortzen. Halaxe diote, behintzat, Arantxa Etxeberriak (Zarautz, 1963), Mari Jose Gongetak (Elorrio, Bizkaia, 1965) eta Begoña Egañak (Antzuola, Gipuzkoa, 1953) bizitzako gertakizun eta erabakiez. Horixe bera gertatu omen zen dagoeneko Etxeberriak eta Egañak hasi duten Kongoko bidaiarekin ere. Bunkeya misioan murgildu ziren atzo, eta hasiera batean Gongetak ere joan egin behar zuen arren, azkenean ezin izan du bertaratu, familia kontuengatik. Dena ondo bidean, hogei egun inguru egongo dira han, misio horretako ospitalean laguntzen.

Dena Iñurritzako elkartean hasi zen, Miren Uria irakasle zarauztarraren heriotza urteurrenean, haren lagunak elkartu zirenean. "Bakoitzak bere aldetik, eta egoera desberdinengatik, baina Miren ezagutzen genuen, eta egun horretan topo egin genuen hari esker", dio elorriarrak. Ordurako ari ziren Gongeta eta Egaña Kongorako bidaiari bueltaka, baina bakoitza bere kasaka. Gongeta medikua da, eta sarritan egokitu zaio Kongon egon diren Mercedarias de Berriz mojen kongregazioko emakumeekin egotea. "Elena zen horietako bat, eta berak gauza asko kontatzen zizkidan Kongoko errealitateari buruz. Hortik sortu zitzaidan hara joateko gogoa", esan du.

Egaña, berriz, askotan izan da Kongon, eta beste behin joateko plana egiten hasi zen orain dela hilabete batzuk. "Nire asmoa zen iazko urrian joatea, baina Mirenen omenezko otordutxoan Mari Josek bere asmoa zein zen esan zidan, eta martxora atzeratu genuen bidaia", gehitu du Egañak. Plana eginda, Etxeberria izan zen bidaiara gehitzen azkena: "Umore tonuan esan zidaten beraiek itzultzaile bat behar zutela, eta nik frantsesa dakidanez, esan nien lan hori egiteko arazorik ez nuela. Horrela batu nintzen planera", eman du aditzera zarauztarrak. Handik hasi ziren hirurak pixkanaka-pixkanaka dena lotzen: egunak, bidaia txartelak, zereginak…

Zalantzarik gabe, ez dute aspertzeko betarik izango Kongon; izan ere, Egañak garbi utzi nahi izan du bertan lan "pila bat" dagoela. Beraiek Bunkeyako ospitaleko farmazian egongo dira, "urteetan ukitu gabe" egon ondoren. "Leku horretan konfiantzazko pertsonak behar dituzte, segurtasuna ematen dietenak. Izan ere, edozer gauza lapurtu eta saldu egiten da. Gainera, langileek beraiek nahikoa lan dute bestela ere ospitalean, eta ezin dituzte farmaziako zereginak egin, ez dutelako denborarik", dio Egañak. "Guk hustu, garbitu, pintatu eta ondo jarriko dugu dena", azaldu du Etxeberriak.

Laguntza eman eta jaso

Bertan laguntzeaz gain, hemendik ere botika pila bat daramatzate maletetan, "behar handia" dutelako. Hiru emakumeen iritziz, gaur egun Txinatik erosten dituzte botika asko, eta horiek ez dira "hain onak". Hori horrela izanda, hemen ahalegin handia egin dute ahalik eta botika gehien lortzeko: farmazietan, inguruko lagunen bitartez… "Beraiek zerrenda bat bidali ziguten gehien behar dituzten botiken izenekin, eta 23 kiloko lau maleta bete-beteta daramatzagu", dio Gongetak. "Kutixi batzuentzat leku pixka bat ere egin dugu", gehitu du Egañak irribarre txiki batekin.

Botikekin bakarrik ezin daiteke neurtu Egañak eta Etxeberriak Kongora eraman duten laguntza, dirua ere eraman dutelako hara. "Arrai Zopa taldeko Manu Urbietak esan zidan Santa Ageda bezperako kantaldian dirua jasotzeko asmoa zutela, eta diru hori guri emango zigutela Kongora eramateko. Izugarrizko sorpresa izan zen hori guretzat. Kongotik ekarritako oihal koloretsuekin poltsa batzuk egin genituen, eta, guztira, 1.200 euro lortu genituen", eman du aditzera Egañak. Gongetak beste pasadizo bat ere ekarri du gogora: "Farmazietan botikak jasotzeaz gain, jendeak dirua ere eramaten zuen botiketara. Behin joan nintzenean, farmazialariak esan zidan neska batek dirua utzi zuela guretzat; pentsa, berak ni eta nik bera ezagutu gabe".

Pasadizoak pasadizo, hausnarketarako tartea ere topatu nahi izan dute hiru emakumeek. Haien ustetan, askotan gure errealitateari bakarrik erreparatzen diogu, eta ahaztu egiten zaizkigu beste egoera batzuk ere existitzen direla. "Joan eta laguntzea garrantzitsua da, baina egoera hori gero kontatu egin behar da zein den, jendeak jakin eta balora dezan daukaguna", hausnartu du Gongetak. Hori horrela izanda, horrelako gaiek interesa pizten dioten edozein animatu dute antzeko esperientzia batean murgiltzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide