Gipuzkoako Urak agentziak ur hornidura sektoretan banatzeko lanak abiatuko ditu bihartik aurrera Zarauzko gune desberdinetan. Lan hauen helburua, Zarauzko Udalak azaldu duenez, "ur hornidura sarea zehatz-mehatz ezagutzea da". Ezagutza horrek "zerbitzu hobea ematea ahalbidetuko" duela ere gaineratu du.
Hornidura sarea sektoretan banatzeak abantaila batzuk izango dituela ere azaldu duten lanen arduradunek, hala nola, hobeto orientatutako ihes-bilaketak, erabiltzaileen kontsumoaren ezagutza, inbertsioak hobeto planifikatzea eta sintomarik gabeko ihesak detektatzea.
Lan horiei esker, dagoeneko dauden sektoreei beste zazpi gehituko zaizkiela ere gaineratu dute: Azken Portu, Nagusia, Geltoki, Mendilauta, Lizardi, Asti eta Hiruerreketa. Egoera txarrean dauden pasoko giltzak ordezteko, eta saneamendu kutxatilak eraberritu eta birgaitzeko ere baliatuko dituzte lan hauek, Musika Plazan, Kale Nagusian, Nafarroa kalean eta Zumalakarregi kalean.
Lanak bihar abiatuko dituzte alde zaharrean eta, ondoren, Azken Portu, Geltoki kalea, Zuberoa kalea, Mitxelena kalea, Asti eta Hiruerreketa guneetako obrekin jarraituko dute; lanek 10 asteko iraupena izatea aurreikusten dute eta maiatzaren amaieran bukatuko dituztela Lizardi kalean, Nafarroa kalean eta Zinkunegi kalean.