Ekintza asko hartuko ditu jubilatuen elkarteak antolatzen duen Udaberri Asteak

Andrea Zipitria 2024ko martxoaren 3a

Udaberri Asteko omenaldietako bat.

Hainbat txapelketa, hitzaldiak, irteerak eta urteroko bazkaria izango dira, besteak beste, jubilatuen elkarteak antolatu duen Udaberri Astearen barruan.

Jubilatuen elkarteak egitarau oparoa antolatu du Udaberri Asterako. Bertatik azaldu dutenez, martxoaren 18an hasiko dira egitarauarekin eta anitzak izango dira aste horretan zehar egingo dituzten ekintzak. Guztiak ere, Udaberrin izango dira.

Martxoaren 18an, astelehenarekin, bi ekimen izango dira. Hasteko, goizean irteera egingo dute, Udaberritik abiatuta, 09:00etan. Ondoren izango da solasaldia. Udaberri elkartearen historiaren inguruan jardungo dute, 19:00etatik 20:30era.

Martxoaren 19an, astearterako, beste hitzaldi bat antolatu dute, Zarautz gogoan izenburupean,19:30ean izango da, eta Javier Aguirregabiriak eta Pedro eta Jabier Sainz Beistegik emango dute.

Martxoaren 21ean, berriz, Bingoan ibiliko dira, eta hurrengo egunean, egingo dute sari banaketa. Urteko bazkaria ere ez da faltako egun horretan. Santa Barbaran egingo dute. 14:00etan elkartuko dira. Bertaratu nahi dutenek, izena emateko azken eguna izango dute hilaren 12a. 

Jolasak eta txapelketak

Ekimen horiez gain, aste guztian zehar jokatuko dira ondorengo txapelketak: toka, igela, dardoak, petanka, billarra eta baita ere izango da argazki ibilaldiaren bosgarren edizioa. Kasu horietan guztietan parte hartzeko izena eman beharko da martxoaren 14a baino lehen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide