Martxoaren 14an Irundik (Gipuzkoa) abiatu, eta 11 egun geroago, hilaren 24an, amaituko du bidea Baionan aurtengo Korrikak. 2024. urtean 23. aldia beteko duen euskararen aldeko martxa erraldoiak zazpi lurraldeetako herriak eta herritarrak lotuko ditu helburu bakar batekin: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea, hain zuzen.
Urola Kosta eskualdera martxoaren 19tik 20rako gauean helduko da Korrika, martxaren bosgarren egunean. Oriora gauerdian helduko da, eta, ondoren, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko ditu gau horretan bertan. Hori horrela, Korrikarekin lotutako zenbait kultur ekitaldi antolatu dituzte, ohi bezala, eskualdeko hainbat herritan Korrika Kulturalaren aterpean. Mendi irteerak, antzerki emanaldiak, bertso saioak edo dantza erakustaldiak izango dira datozen egunotan Urola Kostako herrietan. Zarautzen ere ez da zer egina faltako eta horren adibide da antolatu duten ekitaldi sorta. Joan den astean abiatu zuten egitaraua Zirika euskara elkarteak eta AEK-k elkarlanean antolatutako bertso saioarekin eta bihar jarraipena emango diote Alaken taldearekin plaza dantzekin.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, egitaraua ez da behin betiko eta litekeena da hainbat moldaketa egitea datozen egunotan. Edonola ere, behin-behinekoa ikusgai jarri dute Zarauzko bizilagunek jakin dezaten zein diren aurrera eraman asmo dituzten ekintzak. Hauxe da:
- Martxoak 3, igandea:
12:00. Plaza dantzak Alaken taldearekin, Musika Plazan. - Martxoak 10, igandea:
12:00. Jalgi dantza taldearen emanaldia, Modelo aretoan. - Martxoak 15, ostirala:
- Korrika txikia
- 20:00. Amorante musika taldearen kontzertua,Modelo aretoan.
- Martxoak 19, asteartea, Korrika eguna:
- 20:00. Batukada eta Arrai Zopa taldea kaleak girotzen arituko dira.
- 21:00. Bertso afari autogestionatua barrikotearekin (jana eta edalontziak norberak eraman beharko ditu), Munoan.
- 22:30. Musika, beroketa eta kalejira.
- 00:43. Korrikaren iritsiera.
- Martxoak 21, osteguna:
22:30. Bizkarsoro dokumentalaren proiekzioa, Modelo aretoan. - Martxoak 24, igandea:
08:40. Korrikaren amaierara Baionara joateko autobusaren irteera, Eguzki tabernaren aurrean. *Martxoaren 21a izango da izena emateko azken eguna eta AEKn edo Eguzkin bertan egin dezakete interesdunek 15 euroan.