Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du; izan ere, uztailaren 27tik 30era Tahitiko (Polinesia Frantsesa) Teahupoo uharrian jokatuko duten proba lehiatzeko azken txarteletako bat lortu zuen atzo Puerto Ricon. Munduko Txapelketa jokatzen ari dira bertan eta zortzi surflari onenen artean sailkatu da Erostarbe orain arteko lau kanporaketak gainditu ondoren.
Azken horri esker lortu du Olinpiar Jokoetarako sailkatzea, hain zuzen ere, Munduko Txapelketak han aritzeko zazpi txartel banatuko baititu. Txapelketako fase erabakigarrira heldu diren zortzi surflari onenen artean bik jada Parisko plaza ziurtatuta zutenez, zarauztarrak ere bermatu du berea, esan bezala.
Nolanahi ere, Munduko Txapleketa oraindik ez da amaitu eta Erostarbe finalera sailkatu liteke. Herretarako, dena den, beste bi kanporaketa gainditu beharko ditu. Gainera, horietakoren bat galduko balu ere, oraindik izango luke beste aukera bat finalera sailkatzeko bigarren aukerako kanporaketak jokatuko lituzkeelako.
Bada, bigarren aukera horretatik kanpo, eta, ondorioz, txapelketari agur esan diona Keoni Lasa izan da. Venezuelako selekzioarekin ari da zarauztarra eta lehenengo kanporaketan kaleratua izan ondoren, bigarren aukerako lau gainditu ditu. Bosgarrenean, ordea, ezin izan du aurrera egin.