'Zarauzko balea' liburuxka argitaratu du Zarauzko Udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 28a, 17:00

Irune Urbieta Kultura zinegotzia 'Zarauzko Balea' liburua eskuan duela (Zarauzko Udala)

Liburuan 1878ko baleari buruzko bertsoak txertatu dituzte, Antonio Zavalak berreskuratu eta bere Arrantzaleen bizitza liburuan argitaratutakoak. Guztira, liburuxkaren 1.000 ale jarri dituzte eskuragarri, eta Sanz Eneako liburutegian eskuratu ahal izango dira doan bihartik aurrera.  

"Zarauzko istorio txikiak plazaratu eta irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzeko asmoz", Zarauzko Udaleko Kultura sailak eta Sanz-Enea liburutegiak Zarauzko Balea liburuxka argitaratu berri dute. Udalak adierazi du hilabete honetan 146 urte bete direla Kantauri itsasoan arpoiz azken balea hil zutenetik, eta horregatik erabaki dutela liburua orain kaleratzea. 

Liburuan 1878ko baleari buruzko bertsoak txertatu dituzte, Antonio Zavalak berreskuratu eta bere Arrantzaleen bizitza liburuan argitaratutakoak. Bertso horiek aitzakiatzat harturik, horiei buruzko zeresanak eta gertakarien nondik norakoak argitzen ditu liburuak, iturri ofizialetatik abiatuta. Xabier Alberdi historialariak argibideak eta ekarpenak egin dizkio testu horri bere hitzaurrean eta oharretan.

Liburuxkan erreferentzia egiten zaion balea 1878ko otsailaren 11n ehizatu zuten eta, gaur egun ere zarauztar eta getariarren arteko eztabaiden iturri da gertakaria. Guztira, liburuxkaren 1.000 ale jarri dituzte eskuragarri, eta Sanz Eneako liburutegian eskuratu ahal izango dira doan bihartik aurrera.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide