Jira-Bira Eulen-Nuuk Zarauzko txirrindularitza taldeak emaitza onak lortu zituen asteburuan Galapagarren (Madril, Espainia) jokatutako Espainiako Pista Txapelketan. Bi domina eskuratu zituen, zehazki; eta biak ala biak Jaime Romero txirrindulariaren eskutik. Igandean lortutakoa izan zen bereziki azpimarratzekoa; izan ere, urrea irabazi zuen puntuazioko proban, eta, hala, Espainiako txapeldun izendatu zuten modalitate horretan. Bezperan, gainera, brontzezko domina jaso zuen scratchean.
Galapagarrekoaz gain, Zumaian jokatutako errepideko lasterketan parte hartu du Eulen-Nuukek. Zumaiako 16. Txirrindularitza Sarian, hain zuzen ere. Bada, bertan ere protagonista izan zen Zarauzko txirrindularitza taldea Ibai Irisarri lasterketa buruan aritu baitzen hainbat kilometrotan beste hiru txirrindularirekin batera ihes egin ondoren. Azkenerako, ordea, harrapatu egin zituen tropelak eta esprintean amaitu zen proba.