Judo Klub Lizardiko hiru emakumek lehiatuko dute junior mailako Espainiako Txapelketa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 27a, 11:30

Lore Austing eta Eva Manzanas asteburuan, Gasteizen, junior mailako Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela lortu ondoren. (Judo Club Lizardi)

Arganda del Reyen (Madril, Espainia) jokatuko dute martxoaren 9an, larunbata, eta Naiara Vilasante, Lore Austing eta Eva Manzanas dira bertan aritzeko txartela eskuratu duten Zarauzko taldeko kirolariak. Haiekin batera, Aritz Zubizarretak ere parte hartuko du gizonezkoetan.

Datorren martxoaren 9an, larunbata, junior mailako Espainiako Judo Txapelketa jokatuko duten Euskadiko selekzioko bederatzi emakumeetatik hiru Judo Klub Lizardikoak izango dira; izan ere, Naiara Vilasantek, Lore Austingek eta Eva Manzanasek bertan aritzeko txartela lortu dute. Hori horrela, gustura azaldu da Zarauzko taldea "emaitza oso ona" dela nabarmenduta.

Austing eta Manzanas izan dira Espainiako Txapelketara sailkatzea lortu duten azkenak. Asteburuan Gasteizen jokatutako sektorean eskuratu zuten txartela norbere kategorian bigarren amaituta: 78 kilo azpikoan Austing eta 48 azpikoan Manzanas, hain zuzen ere.

Vilasantek, berriz, ez zuen sektore fase hori jokatu beharrik izan, zuzenean sailkatzea lortu baitzuen Espainiako Kopako probetan pilatutako puntuei esker. 70 kilo azpiko kategorian arituko da judoka zarauztarra.

Zarauzko taldeko hiru emakumeekin batera, Aritz Zubizarretak ere parte hartuko du junior mailako Espainiako Txapelketan. Zarauztarra bada ere, Donostiako Judo Club San Sebastian taldean aritzen da Zubizarreta, eta, Vilasantek bezalaxe, zuzenean lortu du sailkatzea. Gizonezkoen 100 kilo azpiko kategorian lehiatzen du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide