ZKE Zarautz Kirol Elkartearen xake ataleko bi taldeek Gipuzkoako Ligako seigarren jardunaldiko partidak izan dituzte asteburuan klubaren Musika Plazako egoitzan. Lortu dituzten emaitzak, ordea, ez dira aldekoak izan bientzat. Preferente mailako taldeak garaipen handia lortu du Astigarragari 2,5-1,5 irabazita; lehenengo mailakoak, aldiz, 1-3 galdu du Elgoibarko Createch Medical taldearen aurka.
Talde nagusiari erreparatuta, lehenik eta behin, Preferente mailakoari, alegia, Mikel Vicentek jokatu zuen lehenengo taulan pieza zuriekin eta amaieran lortu zuen aurkaria mendean hartzea peoien estruktura hobea baliatuta, izan ere, orekatua izan zen norgehiagoka. Bigarren taulan Jon Lertxundi aritu zen pieza beltzekin eta beste askotan bezala arratsaldeko partidarik luzeena jokatu zuen. Defentsan posizio ona lortu ondoren ZKEko xake jokalariak duen abilezia taktikoaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako zaletuek eta azkenerako meritu handiko berdinketa hitzartu zuen aurkariarekin. Hirugarren taulan Aitor Duo gazteak jokatu zuen pieza zuriekin eta hasieratik jokoaren ekimena izatea lortu zuen, erdi jokoan peoi baten abantaila lortu zuen eta bukaerako garaipen handia lortu zuen. Laugarren taulan, azkenik, Xabier Arrillaga Piratak jokatu zuen pieza beltzekin eta defentsa ondo antolatu zuela zirudien arren, ezin izan zion aurkariaren eraso bortitzari aurre egin eta amore eman behar izan zuen.
Lehenengo mailako taldeko jokalariek jokatutako partidei dagokienez, berriz, Iñaki Altzibar lehen taulan aritu zen pieza zuriekin, baina aurkariak jokoaren ekimena eskuratzea lortu zuen, eta ZKEkoa posizioa ondo defendatzen saiatu bazen ere, galdu egin zuen, azkenean. Bigarren taulan Jon Altzibarrek jokatu zuen pieza beltzekin eta aurreikuspen positiboak sortu zituen zaleen aurrean oraindik irekiera fasea amaitzear zegoela lerroak irekitzeko egun zuen ohiko sakrifizio batekin. Arazoa da hanka-sartze baten ondorioz ezin izan zuela jokaldia nahi bezala errematatu eta kalitatezko entrega harengatik galdu zuen partida. Hirugarren taulan Aitor Altzibarrek jokatu zuen pieza zuriekin, baina ez zuen egunik onena ez izan. Hutsegite baten ondorioz dorrea galdu ondoren, ezin izan zuen ezertxo ere egin aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Laugarren taulan, azkenik, Iker Jauregik jokatu zuen pieza beltzekin eta hark lortu zuren taldearen garaipen bakarra. Jauregik posizio oso sendoa lortu zuen ondo antolatutako defentsa baliatuz eta erdi jokoan peoi baten abantaila lortu zuen. Erabakigarria izan zen hori garaipena lortzeko. ZKEk nabarmendu duenez, azken jokalari gazte horren lehendabiziko urtea da klubean eta Lehenbiziko mailan aritzeko ekimen eta ausardia handiak erakutsi ditu.
Seigarren jardunaldia amaituta, datorren astekoa ligako lehen zatiko azkena izango da: Preferenteko taldeak Beasainen jokatuko du Alfil taldearen aurka, eta, Lehenengo mailako taldeak Zumaian, KBI Zumaiako taldearen aurka. Bi aurkariak beren multzoetako liderrak dira eta partida zailak aurreikusten ditu ZKEk, beraz. Beasaingo taldeak, gainera, orain arte jokatu dituen norgehiagoka guztiak irabazi ditu.