Udaberri elkarteak aurrera jarraitzen du urte osorako antolatu dituen bidaiekin, eta horietatik lehenengoari buruzko hainbat xehetasun argitaratu ditu orain. Hain zuzen, Marokora izango da lehen bidaia, maiatzean, eta azaldu dutenez, bertan aurretik izena emateko azken eguna datorren asteartea, hilak 27, izango da. "Hegaldiak ahalik eta azkarren hartzea komeni da prezioak gehiegi igo ez daitezen", azaldu dute elkarteko ordezkariek.
Izen ematea bidaia agentzietan egin beharko dute interesa dutenek, El Corte Inglesek eta Halconek Azara eta Zigordia kaleetan dituzten negozioetan, hurrenez hurren. Informazio gehiago aipatutako lekuetan eta Udaberriren egoitzan ere eskainiko dutela azaldu dute Udaberrikoek. Horretaz gain, otsailaren 12an eta 19an egindako urteko bidaien aurkezpenetara 40 pertsona inguru joan zirela azaldu dute elkarteko kideek.