La Vaca Gigante 2024 surf txapelketa izan zen atzo Kantabrian, eta izugarrizko lana eginda, lehen postua eskuratu zuen Indar Unanue surflari zarauztarrak. Guztira mundu osoko 24 surflarik parte hartu zuten bertan, eta zarauztarrak altxatu zuen garaipenaren ikurra irudikatzen duen esneontzia.
Eguna makur hasi zen atzokoan Cueton, zerua lainoz estalia eta haize gutxirekin. Marea igotzen ari zela hasi zuten txapelketa 12:00ak aldera, Trials txandarekin. Bertan Pierre Rollet nagusitu zen, eta bera izan zen Main Event proban sartu zen azken surflaria. Hamazortzi surflari sailkatu ziren proba horretara, eta Unanue bigarren txandan lehiatu zen, 25,27 puntu lortuta. Hamazortzi horietatik sei bakarrik sailkatu ziren final handira, eta bertan, Unanuek bederatzi puntutik gorako bi olatu hartzea lortu zuen, guztia 29,53 puntu gehituta -gehienez 30 puntu lor zitezkeen-.

Zarauztarrak txapelketa amaitu berritan adierazi zuenaren arabera, "finalerako gogoz" sentitzen zen, eta horregatik, "ilusioz" jaso zuen garaipena, hiru aldiz bigarren postua lortu ostean. Horretaz gain, antolatzaileen lana goraipatu nahi izan zuen.
Sailkapena:
1º – Indar Unanue (EUK) – 29,53
2º – Nano Riego (CAN) – 22,21
3º – Nicolás García López (CAN) – 20,61
4º – Pierre Rollet (FRA) – 19,54
5º – Nic Lamb (USA) – 17,99
6º – Juan Merodio Velasco (CAN) – 2,46