Arkamurka natur taldeak antolatuta, Jose Luis Castro eta Patrick Luceuxenak zuzendutako Aingiraren bidaia film dokumentala emango dute gaur, 19:00etan, Modelo aretoan. Ikus-entzunezkoaren ondoren, solasaldia eta elkarrizketa izango da natur taldeko kideek dinamizatuta.
Dokumentalaren izenburuak argi azaltzen duen bezala, aingirek egiten duten ibilbidearen berri ematea da. Ezagutza hori dibulgatzea, azken finean. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, "horiek Sargazoen itsasora joaten dira errutera, eta bertan jaiotako angulak dira inguruko erreketara etortzen direnak, 4.000 kilometro egin ondoren".
Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte, eta dokumentala nahiz solasaldia euskaraz izango dira.