Nazioarte mailako txapelketetan arituko dira Zarauzko surflari gazteak

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 20a

Nadia Erostarbe.

Ameriketan jokatuko diren bi surf txapelketatan izango dira Zarauzko surflari gazteak. Nadia Erostarbe, Keoni Lasa eta Kai Odriozola Puerto Ricon izango dira ostiraletik aurrera. Oxel Oregi, berriz, El Salvadorren maiatzean.

Datorren ostiralean hasi eta martxoaren 3ra bitartean jokatuko da Puerto Ricoko Arecibon ISA World Surfing Games txapelketa eta bertan izango dira Nadia Erostarbe, Keoni Lasa eta Kai Odriozola surflari zarauztarrak. Janire Gonzalez-Etxabarri kirolari zumaiarra ere bertan izango da.

Garrantzia berezia du txapelketa honek, aurtengo udan Parisek hartuko dituen Joko Olinpikoetarako azken txartelak banatuko direlako bertan. Emakumeetan zazpi plaza banatuko dira eta sei gizonetan.

Juniorrak El Salvadorren

Ameriketan baita ere, baina El Salvadorren jokatuko da junior mailako ISA World Surfing Championship txapelketa. Maiatzean izango dira mundu mailako surflari gazteak lanean, hilaren 3tik 12ra bitartean, hain zuzen.

Espainiako selekzioko hautatzaileak pasa den astean iragarri zuen zer surflari eramango dituen txapelketa horretara, eta horien artean da Oxel Oregi surflari zarauztarra, 16 urtez azpikoen mailan. Annette Gonzalez-Etxaberri zumaiarra ere txapelketa honetan arituko da, 18 urtez azpikoen kategorian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide