Halterofiliako 16 eta 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatuko da asteburuan

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 20a, 10:00

Zarauzko jasotzaile bat txapelketa batean. (Zarautz Halterofilia)

110 jasotzaile hartuko ditu Aritzbatalde kiroldegiak larunbatean eta igandean. Zarautz Halterofiliako hainbat gizonezkok eta emakumezkok hartuko dute parte 18 urtez azpikoen mailan.

16 eta 18 urtez azpikoen Halterofiliako Espainiako Txapelketa jokatuko dute asteburu osoan Aritzbatalde kiroldegian, eta mugarri garrantzitsua izango da tokiko zein Euskal Herriko halterofilia komunitatearentzat. Izan ere, ia 40 urte dira ez zela halako txapelketarik egiten Euskal Herrian. Baina Zarauzko Halterofiliak Espainiako Halterofilia Federazioari eginiko eskaerak baiezkoa jaso du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin, posible izan da.

Guztira, hainbat autonomia erkidegotako gizonezkoen nahiz emakumezkoen hamaikana taldek hartuko dute parte larunbatean eta igandean; 110 jasotzaile ariko dira, guztira. Gipuzkoako ordezkaritza, gainera, Zarautz Halterofilia taldeko gizonezkoen eta emakumezkoen 18 urtez azpiko kideek osatuko dute. Halaber, Teknikaren Jardunaldi Nazionala egingo dute igandean: 10 eta 13 urte bitarteko jasotzaile gazteek beren trebetasun teknikoa erakusteko aukera izango dute.

Txapelketa larunbatean hasiko da goizean goiz, 07:00etan, eta arratsaldera arte luzatuko da, azken lehiaketa16:00etan abiatuta. Igandeko proba, berriz, 09:00etatik 15:00etara izango da. Txapelketari eta halterofiliarekin lotutako jarduerei buruzko informazio zabalagoa Espainiako Halterofilia Federazioaren webgunean eskuratu daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide