'Bo jauna' haurrentzako antzezlana ikusteko bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Zarauzko Hitzak

Erredakzioa 2024ko otsailaren 17a

'Bo jauna' antzezlaneko hiru protagonistak. (Utzitakoa)

Otsailaren 25ean Modelo aretoan izango da ikuskizuna 3 urtetik gorako haurrentzat, eta Zarauzko Udalaren eskutik, atari honetako erabiltzaileek ostegunera arte edukiko dute bi sarrera bikoitzen zozketan parte hartzeko aukera.

Bo jauna 3 urtetik gorako umeentzako antzezlana da, eta otsailaren 25ean, igandea, eskainiko dute 16:45ean hasita Modelo aretoan. Sarrerak salgai daude, baina Zarauzko Hitzak bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Zarauzko Udalaren eskutik.

Hemen har daiteke parte zozketan, eta ostegunean, hilak 22, 12:00etan amaituko da parte hartzeko epea.

Jokin Oregi da Bo jauna antzezlanaren egilea eta zuzendaria, eta lau aktore aterako dira oholtzara: Ana Martinez, Ana Meabe, Javier Renobales eta Anduriña Zurutuza.

Ikuskizunean hiru zerbitzarik Bo jaunaren esan guztiak betetzen dituzte, horretara ohituta daude. Bizi osoa daramate Bo nagusi jaunaren agindupean, ume koskor zirenetik. Batzuetan pentsatzen dute mundua nolakoa izango litzatekeen haiek nagusi izango balira, agintea izango balute edo beste inoren mende egongo ez balira. Agintari-plantak egiten dituzte jolasean, eta besteak haien zerbitzari direla irudikatzen dute. Nagusia umea zenean, zerbitzariek izan zuten "ez!" esateko aukera, baina ez zuten halakorik egin, eta ordutik intimidazioz aritu da urte luzeetan. Haien arteko harremana guztiz morrontzakoa da, agindupekoa, baina, halako batean, "ez!" esateko aukera sortu da... Ostegunean, otsailaren 22an, 12:00etan amaituko da zozketan parte hartzeko aukera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide