Udalak ibilgailuen aparkalekua arautzen duen Ordenantza aldatzeko proposamena egin du

Mireia Galarza Bastida 2024ko otsailaren 18a

TAO makina bat. (Zarauzko Udala)

Proposamen berriak hainbat aldaketa jasotzen ditu, eta horien artean nabarmendu daitezke hegoalden eraikitzen ari den aparkaleku eremu berria jasotzea eta bigarren sektorearen barruan egoiliarrentzako zona mistoak sortzea. 

Kontuan izanda azken urteotan eraikitako urbanizazio berriek Zarauzko TAO eremuetan izan duten eragina eta TAO zerbitzua kudeatzen duen enpresaren ekarpenak, Mugikortasun Sailak Zarauzko bide publiko jakin batzuetan ibilgailuen aparkalekua arautzen duen Ordenantza aldatzeko proposamena egin du.

Proposamen berriak hainbat aldaketa jasotzen ditu. Horien artean nabarmendu daitezke hegoalden eraikitzen ari den aparkaleku eremu berria jasotzea, bigarren sektorearen barruan egoiliarrentzako zona mistoak sortzea (1. eta 2. sektoreko egoiliarrek erabilera partekatua izan dezaten), gremioei udalerrian lan egiteko erraztasunak ematea bereizgarri bereziak sortuta eta anbulatorioaren guneko araubidea aldatzea.

Aldaketa horien inguruan ekarpenak egiteko epea irekita egongo dela azaldu du Zarauzko Udalak datorren martxoaren 6a bitartean, eta horiek mugikortasuna@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte herritarrek. Udal webguneko parte hartze atalean aurki daiteke proposamenaren inguruko informazio zehatza eta dokumentazio gehigarria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide