Zas! Eguna ospatuko dute ostiral honetan, immigranteenganako zurrumurruen kontra

Onintza Lete Arrieta 2024ko otsailaren 14a

Pertsona bat, oinutsik, lurrean eserita.

Zurrumurruen Kontrako Sarea da ZAS!, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak egitarau zabala antolatu dute ostiral arratsalderako: batetik, haurrentzako ipuin kontaketa eta nerabeentzako ihes-jokoa egongo dira; eta, bestetik, ekitaldia izango da Modelon, eta bertan Jon Maia musikari eta idazleak solasaldia egingo du, hainbat pertsona migrantek beren bizipenak kontatuko dituzte, eta bertsoak eta clown ikuskizuna ere egongo dira.

Pertsona migranteen kontrako zurrumurruak desegiteko sarea da Zas!, eta "mugimendu horren lana ezagutarazteko eta zurrumurru horiei aurre egiten jarraitzeko", Zas! Eguna antolatu dute ostiral honetarako Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak.

Ekitaldi nagusia Modelo aretoan izango da 19:00etan, doan. Bertan, Jon Maia musikari eta idazleak Atzoko eta gaurko migrazioak izeneko hitzaldia eskainiko du, euskaraz, eta behar duenarentzat momentuko itzulpen sistema egongo da gaztelaniara. Pertsona migranteen ahotsa ere entzungo da jaialdian; beren bizipenen berri emango dute. Pertsona horien izenak eta jatorriak ez dituzte jakinarazi oraingoz.

Jon Maiarekin batera, Zarauzko bertso eskolako kideak ariko dira bertsotan, eta ekitaldia Virginia Imazen Clownclusiones bakarrizketarekin amaituko da.

Bestalde, herriko haurrentzat eta nerabeentzat ere jarri dute hitzordu bana: Sanz Enea kultur etxeko liburutegian haurrentzat ipuin kontalaria izango da, eta Gaztelekuan, berriz, zurrumurruei buruzko ihes-jokoa, nerabeentzat. 17:30ean hasiko dira bi saio horiek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide