Denboraleak gogor jo du goizaldean kosta partean eta luizia eragin du N-634 errepidean Zarautz eta Getaria artean. Ezbeharrak errepideari paralelo dagoen oinezkoen pasealekuari eragin dio eta zuloa handia zabaldu du bertan. Nolanahi ere, badaezpadako neurri gisa errepidea bi noranzkoetan ixtea erabaki dute bertaratu diren teknikariek eta 10:20etik trafikoa etenda dago. Azaldu dutenez, ingurua aztertu ondoren ebatzi dute arriskutsua dela autoak errepidetik igarotzea eta bidea garbitu eta beharrezko konponketa lanak egin bitartean itxita jarraituko du errepideak.
Goizaldean ere itxita egon da N-634 errepidea Zarautz eta Zumaia artean 04:30etik 08:30era olatu handiek sortu zitzaketen arriskuak ekiditeko, izan ere, alerta laranja ezarria zuen segurtasun sailak. Errepidea atzera berriro zabaldu eta ordu gutxira lur jausiaren abisua jaso dute, eta kalteak aztertu ondoren, berriro ixtea erabaki dute, esan bezala.
Datozen orduetarako ere espero dituzte 3 metrotik gorako olatu handiak. Horregatik, abisu horia ezarri dute gaur arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, eta biharko 05:00etatik 07:00etara, orduan izango baita itsasgora.