Anbulatorioetako mediku falta gero eta zabalduago dagoen arazoa da, eta Urola Kosta ez da salbuespena. Ia herri guztietan izan dute murrizketaren bat edo beste zerbitzuan, eta, Zestoan, kalera atera ziren herritarrak ostiralean herriko osasun zentroaren egoera salatzeko. Pentsionistak Martxan taldeko eta Ekain guraso elkarteko kideek deitu zuten protesta, "jada ezegonkorra zen zerbitzua azken hilabeteetan are gehiago okertu delako".
Egoera zerk "lehertu" duen ere azaldu du zehatzago Xanti Ugarte pentsiodunak: "Azalera handiko herria da Zestoa, eta medikuek etxez etxe aritu behar dutenean denbora asko behar dute. Azken finean, baserrietara ere joaten dira, eta distantzia luzeak daude batetik bestera. Gainera, herriko osasun zentroak bi plaza bakarrik ditu medikuentzako. Biek jardunaldi osoan aritu beharko lukete, baina azken asteetan ez dira hori betetzen ari. Medikuetako batek arrazoi pertsonalak tarteko eguneroko lan jardunaldia murriztu behar izan du, eta lanera 08:00etan sartu beharrean, 09:30ean sartzen da. Bestea, aldiz, astean bi egunetan soilik izaten dugu, nahiz eta astelehenetik ostiralera egunero izan beharko genukeen. Horrek arazoak eragin ditu, besteak beste, txandak hartzeko. Bistakoa da eskasa dela ematen ari diren zerbitzua".
Hori horrela, Ugartek gogoratu du duela hilabete egin zutela egoera salatzeko lehenengo protesta: "Pentsiodunok astelehenero egiten dugun mobilizazioa osasun zentroaren atarira eraman genuen, eta bertako langileek bat egin zuten gurekin. Orain jakin dugu otsailean ere ez dutela beste medikurik ekarriko jardunaldia murriztua duten bi medikuek utzitako hutsuneak betetzeko, eta beste protesta bat deitzea erabaki genuen guraso elkartearekin hitz eginda". Bada, bigarren protesta horrek "jarraipen zabala" izan zuela adierazi du pentsionistak, "300 lagun inguru batu zirelako".
Larrialdiak ere larri
Edu Quintano erizainak, bere aldetik, adierazi du Zestoan emandakoaren gisako erantzunen "falta sumatu" duela Zarautzen. Anbulatorioko larrialdi zerbitzuko langilea da Quintano, EAG Etengabeko Arreta Gunekoa, zuzenago esateko, eta, bertan ere "medikuak falta" dituztela azpimarratu du.
EAG zerbitzuak mediku bat, erizain bat eta zeladore bat bermatu behar dituela azaldu du erizainak, baina ez dira betetzen ari: "Azken Aste Santuko oporraldiaz geroztik askotan aritu behar izan dugu medikurik gabe", kexatu da. Zentzu horretan, argitu du ez direla ari medikuak ordezkatzen: "Medikua falta denean bigarren erizain bat jartzen dute haren tokian". Dioenez, "hasieran egiten zuten medikuak ordezkatzeko ahalegina, baina amaitu da hori. Aspaldian ez dugu ordezko medikurik ezagutu, eta dagoeneko badakigu hemendik hilabetera izango dugun bajarako bigarren erizaina jarriko dutela".
Erizainek mediku batek agindu gabe ezin dituztenez botikak eman, iristen zaizkien pazienteetako asko ezin dituzte artatu. Ondorioz, egoera larriak badira Donostia ospitaleko larrialdietara bideratu behar dituzte pazienteak. Dena den, inoiz jarri izan dute sendagairik, aurrez medikuarekin telefonoz hitz egin badute eta hark baimendu badu diagnosia egin ondoren. "Pazientea aurrez aurre ikusi gabe, ordea, askotan ez dute nahi izaten agindurik eman", dio erizainak. Halaber, medikurik gabe jardun behar izateak "estres handia" eragiten diela azpimarratu du. "Ez dakigu zer-nolako egoerei egin beharko diegun aurre, eta askotan ezin diegu eskaini pazienteei behar duten laguntza".
Horren aurrean, EAGko langileek ere hartu izan dute neurririk egoera salatzeko, baina beraien kabuz egin dutela aipatu du Quintanok. Hala, Zarauzko anbulatorioan kartelak jarri zituzten uda aurretik, eta udaletara ere eraman dute gaia. Azken hori haien lan orduetatik kanpo egin dutela azaldu du, gainera: "Mozioak aurkezten ari gara eskualdeko herri guztietan. Zarautzen, abenduko udalbatzarrera eraman genuen, eta Aizarnazabalen eta Getarian, gauza bera egin genuen urtarrilean. Datozen hilabeteetan ere jarraitzeko asmoa dugu. Otsailean, Zestoako eta Zumaiako udalbatzarretara eramango dugu mozioa, eta martxoan, Aiakora eta Oriokora".
Herri horietara guztietara jo izanaren arrazoia da Zarauzko EAGk udalerri horiek guztiak hartzen dituela bere gain. Finean, zerbitzuaren helburua da pazienteek aukera izatea osasun zentro batera jotzeko ohiko ordutegietatik kanpo –gauean edo asteburuan– larrialdiren bat badute.
Orokortutako arazoa
Erizainak argitu du, halaber, udaletara aurkeztutako mozioetan haien egoera zein den azaltzearekin batera zer eskatzen duten zehaztu dutela: "Beti egotea erizain, mediku eta zeladore bana eta zerbitzuari zabalik eustea". Dioenez, orain arte "alderdi guztiek onartu dute" mozioa, eta eskaera bidali diote Eusko Jaurlaritzari. Osasun sailak, ordea, "ardura besteen bizkar" uzten duela kritikatu du.
Osakidetzaren erantzun zehatza zein den ere jakinarazi du Quintanok: "Egitura arazoa dela diote hainbat espezialitatetan profesionalak falta direlako, familiako medikuntzan, adibidez, eta horren ardura Espainiako Gobernuarena dela BAME [barruko mediku egoiliar] azterketetan plaza gutxi ateratzen dituelako. Guk ez dugu ukatzen hori arazoaren parte denik, baina uste dugu Osasun sailak ere baduela erantzukizunik, aurreikusi zitekeen arazoa delako bizi duguna. Bagenekien asko zirela erretiroa hartzera zihoazen medikuak, eta Osakidetzak ez du ezer egin. Gainera, zerbitzuaren kudeaketa bera ere eskasa izan da, eta hainbat medikuk beste nonbaitera alde egin dute ez dituztelako behar bezala zaindu".
Erizainak salatu duenez, mediku falta ez da Zarauzko EAGra mugatzen, "orokortuko arazoa da, eta lehen arreta osoari eragiten dio". Zentzu horretan, Zestoan "oso gaizki" daudela aipatu du hark ere, eta Aian eta Aizarnazabalen arazo handiak izan dituztela, era berean.
Bi herri horiei erreparatuta, hain justu, Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak azaldu du udaz geroztik izan dituztela arazoak herrian: "Mediku bakarrarentzako plaza dugu, eta abuztuan jubilatu zen. Hura oraindik ez dutenez bete, azken hilabeteetan egunean hiru orduz soilik izan dugu zerbitzua martxan aste barruan. Duela gutxi Osasun sailarekin bildu ginen, eta, otsailean, behintzat, 08:00etatik 15:00etara izango dugu medikua, asteazkenetan izan ezik. 12:00etatik 15:00etara izango dugu orduan".
Aizarnazabalen, berriz, sinadura bilketa egin zuten azaroan kontsultategian mediku bat jar zezaten eskatzeko. Mari Karmen Arregi alkateak dioenez, ordea, azkenean, ez zituzten bidali, egitear zeudela medikua jarri zietelako. Azaldu duenez, 08:00etatik 10:30era izaten dute egunero, aste barruan. Dena den, "sinadurak gordeta" dituzte behar dituztenerako; izan ere, alkateak "posible" ikusten du arazoak izatea berriro: "Medikurik izan ez genuen bitartean, hiru astetan, gutxi gorabehera, Zumaiako anbulatorioan medikua den eskualdeko koordinatzailea etortzen zen astean behin. Hark aitortu zidanez, gainezka daude, lehen 11 medikuko taldea baitzuen Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaia estaltzeko, eta, orain zazpirekin egin behar duelako hori guztia".