Hiru domina lortu ditu Judo Klub Lizardik Euskadiko Junior Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 7a, 12:30

Junior mailako Euskadiko Junior Txapelketan parte hartu duten Judo Klub Lizardiko kirolariak. (Judo Klub Lizardi)

Urrea, zilarra eta brontzea zintzilikatu dituzte Portugaleten (Bizkaia) Lore Austingek, Eva Manzanasek eta Nahia Arregik, hurrenez hurren. Modu horretan, Espainiako Txapelketa lehiatzeko sektore faserako txartela ere eskuratu du Austingek. Nolanahi ere, zuzenean sailkatu liteke asteburu honetan Binefarren (Huesca, Aragoi).

Judo Klub Lizardik emaitza onak lortu zituen joan den asteburuan Portugaleten (Bizkaia) jokatutako junior mailako Euskadiko Txapelketan; izan ere, bertan parte hartu duten taldeko bost ordezkarietatik hiruk lortu zituzten dominak: Lore Austingek urrea 78 kilo azpiko kategorian, Eva Manzanasek zilarra 48 azpikoan eta Nahia Arregik brontzea 63 kilo azpikoan, hain zuzen ere.

Txapelketan parte hartu zuten beste bi ordezkariak Unax Mendez eta Xabier Aginaga izan dira. Lehenengoak bosgarren postua lortu zuen 60 kilo azpiko kategorian eta bigarrena kanporatu egin zuten 73 kilo azpikoan fase erabakigarriaren aurretik.

Urrea irabazi zuen Austingi lotuta, bestalde, Euskadiko Txapelduna denez gero, Espainiako Txapelketara sailkatzeko sektore fasea jokatuko du; aurrez, zuzeneko txartela lortzen ez badu betiere. Bada, asteburu honetan izango du, hain justu, horretarako aukera; izan ere, Espainiako Kopako proba jokatuko du Binefarren (Huesca, Aragoi).

Espainiako Kopako azkenengo proba izango da Binefarrekoa, eta, aurrekoan Madrilen, lortutako emaitza errepikatzen ahaleginduko da Austing, urrea lortu baitzuen. Orain arte jokatu dituzten probetako emaitzak aintzat hartuta, bosgarren sailkatuta dago Zarauzko taldeko kirolaria eta lehenengo hirurak soilik sailkatu dira Espainiako Txapelketara zuzenean. Horregatik, Aragoin finalera iristen bada estatuko txapelketa nagusira sailkatu liteke zuzenean aurkariek lortutako emaitzen arabera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide