ZKE Zarautz Kirol Elkartearen xake taldeek Musika Plazako egoitzan izan zituzten Gipuzkoako Ligako laugarren jardunaldiko partidak asteburuan, baina biek ala biek galdu egin zuten. Klubak azaldu duenez, ez da askotan gertatzen bi taldeek etxean jokatzea aldi berean. Horregatik, nabarmendu du ohikoa baino zale gehiago hurbildu zela partidak bertatik bertara jarraitzeko.
Preferente mailako taldeak hirugarren sailkatuaren aurka jokatu zuen, Elgoibarko Danobat taldearen aurka, hain zuzen, eta 0-4ko porrot gogorra jaso zuen. Pablo Arrondo, Jon Lertxundi, Daniela Velte eta Andoni Etxabe izan ziren Zarauzko jokalariak eta markagailuak kontrakoa irudikatzen badu ere, lau partidak orekatuak izan ziren. Zentzu horretan, Lertxundik gertu izan zuen garaipena. Hasieratik eraman zuen iniziatiba, baina bukaerako oso denbora gutxirekin gelditu ondoren amore eman behar izan zuen.
Lehen mailako taldeak, berriz, gutxigatik galdu zuen, 1,5-2,5koa izan baitzen emaitza. Bigarren sailkatuaren aurka jokatu zuen, Andoaingo Alfil taldearen aurka. Xabier Arrillaga, Iñaki Burunza, Jon Altzibar eta Iker Jauregi izan ziren Zarauzko taldeko jokalariak eta meritu handiko puntuak lortu zituzten aurrean zuten taldearen maila aintzat hartuta. Xabier Arrillaga izan zen garaipena lortu zuen etxeko jokalari bakarra eta hasieratik bere piezak ondo kokatu ondoren, jokoaren iniziatiba eraman zuen. Hala, arazo handirik gabe lortu zuen partida irabaztea. Arratsaldeko partidarik zirraragarriena, ordea, Altzibarrek Sergio Belosilloren aurka jokatutakoa izan zen. Hasiera batean, hiru peoi galdu zituen arren, eraso bortitza osatzea lortu zuen Dama eta zaldi bat baliatuz. Aurkariak horrelako kontraerasorik ez zuenez espero, minutu asko baliatu behar izan zituen bere defentsa berrantolatzeko, eta, azkenerako, denbora premian geratu zen eta berdinketa adostu behar izan zuen. Hori horrela, bertaratutako zaleek gozatua hartu zutela adierazi dute ZKEko xake taldeetako arduradunek berdinketak bi jokalariak asebete zituelako.
Halaber, bi taldeek datorren astean izango dituzten konpromisoak zehaztu ditu: Preferente mailako taldeak Agustin de Leizaren bigarren taldearen aurka jokatuko du eta Lehen mailakoak Domusa Azpeitiaren aurka, biak etxetik kanpo arituko dira.