Gipuzkoako batel ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da igande goizean Urolaren itsasadarrean. Goizeko 9:30ean hasiko dira ontziak lanean. Infantil, kadete, jubenil eta maila absolutoko kategorietan jokatuko dituzte estropadak, eta, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak sei batel aurkeztuko ditu, guztira.
Irteera eta helmuga puntua Arbustaingo arranpla parean kokatuko dute, eta kategoriaren arabera ziaboga itsasadarreko puntu desberdinetan emango dute. Hala, infantil eta kadete mailako batelek Talaipeko eskaileren parean emango dute buelta; jubenilek eta maila absolutokoek, berriz, bokalearen amaieran izango dute ziaboga.