Mozorroak, alaitasuna, kalejirak, algara, irribarreak, konpartsa. Horiek guztiak eta gehiago izango dira datorren ostiralean, hilaren 9an hasi eta otsailaren 11ra arte luzatuko diren Inauteri jaietan. Udalak, Zarauzko eragileekin batera, festa hauetarako antolatutako ekitaldien egitaraua aurkeztu zuen Euskalduna tabernan egindako agerraldian. Udaleko ordezkariekin batera, Galtxagorriak eta Jalgi dantza eskolako, Gazte Zerbitzutako eta Zurekin merkatari elkarteko kideak izan ziren bertan.
Leire Arana zinegotziak aurreratu zuen bezala, jai hauei estu lotuta doazen koloreak eta algarak hartuko ditu Zarauzko kale, plaza eta txokoak festak iraungo dituen hiru egunetan.
Ohi bezala, Galtxagorrien jaitsierak emango die hasiera jaiei, 18:45ean. Musika Eskolatik abiatuko da euskal mitologian oinarritutako kalejira, eta herriko kaleetan zehar ibiliko da dantzari, musikari, haur zein helduek osatutako taldea. Ibilbideko puntu jakin batzuetan dantza saioak ere eskainiko dituztela iragarri zuten.
Txupinazoa larunbatean jaurtikiko du Koxme baleak Modelo antzokiko balkoitik. Eguerdian izango da, eta ondoren, 12:30ean kuadrilla arteko mozorro lehiaketa egingo da Musika plazan. Ordutegi aldaketa hau da aurtengo Inauterietako berrikuntza. "Goizerako jendea mozorrotuta eta animatuta egoten dela ikusita, lehiaketa goizera eramatea erabaki dugu", azaldu zuen Zurekin elkarteko ordezkariak. Hiru sari emango dira: irabazleak 250 euroko erosketa bonoa jasoko du, bigarren sailkatuak 150 eurokoa eta hirugarren sailkatuak 100 eurokoa. Interesdunek larunbatean bertan eguerdiko 12:30ak arte izango dute izena emateko aukera, Turismo Bulegoan.
Kartel lehiaketa
Inauterietako kartel lehiaketaren sari banaketa ere egin zen atzo arratsaldez Euskalduna tabernan bertan. Izan ere, taberna honek antolatzen du lehiaketa hau Zarauzko Udalarekin elkarlanean.
Aurtengo lehiaketara hamabi lan aurkeztu dituzte, eta epaimahaiaren ustetan Iñaki Fernandez Hurmendik aurkeztutako lana izan zen onena, eta festen egitaraua iragartzeko kartel eta eskuorrietan erabili dute. Irabazleak ezin izan zuen sari banaketa ekitaldira gerturatu.
Bigarren saria, berriz, Mari Kruz Etxeberria zarauztarrak irabazi du, eta herritarren botoekin erabakitako publikoaren saria –150 boto inguru jaso ziren– Lander Gonzalez trintxerpearrak jaso du.
Lehiaketara aurkeztutako lanak Euskalduna tabernan bertan ikus daitezke.
Egitaraua
Otsailak 9, ostirala
- 18:45. Musika Eskolatik hasita, Galtxagorrien jaitsiera Jalgi dantza taldea, Zarautz Trik, Goizeko Ihintza txistulariak eta Zarakatun batukadaren eskutik.
Otsailak 10, larunbata
- 12:00. Koxme baleak txupinazoa botako du Modeloko balkoitik, Mauxitxa txarangak girotuta.
- 12:30. Musika plazan, mozorro lehiaketan parte hartzen duten kuadrillen kalejira Mauxitxa txarangak girotuta. Aldez aurretik izena eman behar da Turismo Bulegoan.
- 13:00. Musika plazan, kuadrillen arteko mozorro lehiaketaren sari banaketa.
- 17:00. Topaketa Gaztelekuan: merendola eta ondoren konpartsa ikustera.
- 17:30. Alde zaharrean, Inauterietako VII. Konpartsa: Aerobik. Euria egingo balu, igandean 13:00etan.
- 19:30. Musika plazan, dantzaldia Lehian Erromeria taldearekin.
- 21:00. Zinema pilotalekuan, disko festa: DJ Davila eta DJ Javi.
Otsailak 11, igandea
- 12:00. Kalejira herriko kaleetan zehar erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
- 17:00. Musika plazan, Kiki, Koko eta Moko pailazoen Zirku bizi bizia ikuskizuna haurrentzat.
- 18:00. Lege Zaharren enparantzan, disko festa nerabeentzat Xaiborrekin.