Pinturerak hirukotearen erakusketa berriak Inauteriak ditu ardatz

Aritz Mutiozabal 2024ko otsailaren 2a

De Pe a Pa kafetegian dago erakusketa ikusgai, eta erabilitako tekniken aniztasuna nabarmentze da artelanetan.

Pinturerak margolari taldeko Pilar Herrero Sokobéhère, Maite Oviedo Etxezarreta eta Marikruz Etxeberria Iraolak erakusketa berria paratu dute De Pe a Pa kafetegian, Frontoi Txiki pareko establezimenduan.

Oraingo honetan Inauteriak izan dituzte ardatz, eta gaitegi horretan oinarritutako lanak aurkeztu dituzte. Erakusketan ikus daitekeen moduan, erabilitako tekniken aniztasunak funtsezko funtzioa betetzen dute hirukotearen ekoizpen artistikoan. Adibidez, Herrerok akrilikoak uztartzen ditu euskarri ezberdinetan; Oviedok argazkiak eta teknika digitalak erabiltzen ditu; eta Etxeberriak batez ere akuarelak egiten baditu ere, collageak egin ditu mostra honetarako.

"Gure lanek inguratzen gaituen guztia lantzea dute helburu: natura, bidaiak, liburuak, beste artista batzuen lanak aztertzea ..... Eta hauek pizten dituzten emozioak gure inspirazio iturri dira. Errealitatea berrinterpretatzen saiatzen gara", nabarmendu dute margolariek.

Pinturera taldeko kideak emakume erretiratuak baina aktiboak dira, eta besteak beste, artearekiko zaletasunak batzen ditu. "Gure prestakuntza artistikoa pixkanaka osatuz goaz eta egin ditugun bakarkako eta taldeko erakusketak dira horren adierazle", azaldu dute.

Argazkiak: Juan Luis Romatet

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide