Jada ohitura bihurtu da herrian Hotz Zarautzek antolatzen duen Gabonetako Azoka Solidariora joatea, eta aurtengo datuek berretsi egiten dute babes handia jasotzen duela ekintza horrek. Izan ere, Hotz Zarautzek 23.000 euro lortu ditu abenduaren 5etik urtarrilaren 5era irekita eduki zuten azken azokarekin. Hori horrela izanda, "gerturatutako jendearekin oso eskertuta" daudela gehitu dute elkarteko kideek: erosleak, boluntarioak, merkatariak...
Bertako kideek azaldu dutenez, jasotako dirua Zaporeak elkarteari, Itsas Salbamendu Humanitarioari, Ukraina-Euskadi erakundeari eta Irungo harrera sareari emango diete. Ohi bezala, helburua izango da errefuxiatuei laguntzea. Elkarteko kideek gaineratu dute etorkizunean ere egingo dituztela ekintzak, eta horietan ere beharrezkoa izango dela herritarren babesa. Horregatik, horietan parte hartzen jarraitzera gonbidatu dituzte herritarrak.