Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak gizonak inplikatu nahi ditu emakumeen aurkako diskriminazioarekin eta indarkeriarekin amaitzeko. Horretarako, haiei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina abiatuko du ostiralean eta Popatik taldearen Maitatzeari ikuskizuna izango da lehenengo ekintza. 20:00etan hasiko da emanaldia Modelon, eta sarrerak sei euroan daude eskuragarri Modelo aretoko txarteldegian bertan eta Kutxabanken sarrera erosketeko plataforman.
Parekidetasun sailak zehaztu duenez, ikuskizun poetiko musikatua da eskainiko dutena; izan ere, Popatik taldeko Xabier Crehuetek, Ekaitz Goikoetxeal eta Aingeru Mayorrek poesia eta kantak; akordeak eta konpasak: xuxurlak eta oihuak; errimak eta arritmiak; ipuinak eta bertsoak, eta hitz goxoak eta hitz lizunak uztartuko dituzte. Dena den, isiluneentzako tarterik ere izango da. Hala, maitasunari baino, maitatzeari kantatuko diete hiru artistek, eta, gizontasun ereduak ere mahai gainean jarriko dituzte.