Zarauzko Udalak deituta, herrian duela gutxi izandako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan. Udal taldeetako alderdi guztietako ordezkariak lehen lerroan izan dira, eta haiekin batera, Xabier Txurruka alkatea, Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta eta Gipuzkoa Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasi. Protestara herritar ugari gehitu dira biktimari babesa ematera eta erasoa salatzera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostegunean izan zen gertakaria. Egun horretan bertan gizon bat atxilotu zuten, neska adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta, eta atzo eraman zuten epailearen aurrera.
Hainbat minututako elkarretaratze isila izan da eguerdikoa, eta txalo zaparrada luze batekin amaitu dute. Jarraian, alkateak atzo udalak kaleratu zuen adierazpen instituzionala irakurri du hedabideen aurreran, eta beste behin azpimarratu du erakundeak "gaitzespenik gogorrena" egiten duela gertakariaren aurrean. Emakumezkoen aurkako indarkeria "egiturazko arazo baten ondorioa" dela, eta horregatik, "errotik moztu" behar dela zehaztu du.
Miren Egarrestak ildo beretik jo du, eta eguerdiko elkarretaratzea bezalako "erantzun publikoaren bitartez", bi gauza azpimarratu nahi izan ditu. Alde batetik, bizktimari eta haren gertukoei elkartasuna eta babesa adierazi die, eta bestetik, hala sexu erasoen aurrean "gogor gaitzestea". Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "eraso matxistek erakusten dute emakumeen askatasunen eta eskubideen kontra daudela".
Horrexegatik, oso inportantea dela uste du Emakundetik berdintasun politikak sustatzen jarraitzea. "Era berean, gogorarazi behar dugu eraso hauen guztien azpian berdintasun eza dagoela. Beraz, garrantzitsua da lan horrekin jarraitzea, eta nola ez, gaurko erantzun publikoa bezala, herritarren atxikimendua funtsezkoa da. Horixe baita eraso matxistaren antidotorik garrantzitsuena, neurri batean".