Zarauzko Bilgune Feministak eta Morroxka taldeak atzo jakin zuten aste honetan Zarautzen izandako eraso matxista "oso larri" baten berri. Hasteko eta behin, haien babesa, ahizpatasuna eta elkartasuna adierazi nahi izan diete erasotutakoari, baita inguruko guztiei ere. "Argi eta ozen esan nahi dugu: guk sinesten dizugu!". Eraso matxista salatzeko bi deialdi egin dituzte: bata, bihar, urtarrilaren 28an, plaieroetako partiden aurretik minutu bateko salaketa eserialdia egingo dute; bigarrena, astelehenean, manifestazioa egingo dute, 18:30etik aurrera, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.
Argi eta garbi utzi dute "nazkatuta, haserre eta amorratuta" daudela egoerarekin. "Emakumeok askotariko indarkeria egoerei aurre egin behar izaten diegu. Indarkeria matxista ez da iraganeko kontu bat, oraina da eta aurre hartzea, jendarte bezala dugun erronka nagusienetako bat da". Erasoen aurrean ezinbestekotzat jotzen dute "erantzun soziala artikulatzea" eta gaia "modu iraunkorrean" lantzea. Bide horretan, egitekoak asko diren arren, uste dute premiazkoa dela "sexu-heziketa integral baterako baliabideak garatzea eta ahalbidetzea, herritar askez osatutako herri feminista" osatu nahiez gero.
"Emakume eta gorputz ez normatiboek jasaten duten indarkeria egiturazkoa da", azaldu dute, baina, oraingoan, arreta eta salaketa berezia egin nahi izan dute neska gazteek jasaten duten indarkerian: Zarauzko zona inguruko tabernetan nahiz bestelakoetan, parranda giroan edota sare sozialen bidezko erasoak, besteak beste.