'Zarautz Familia Giroan' proiektua aurkeztu dute Fitur azokan

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 27a

Leire Arana Turismo zinegotzia eta Esther Faccin Turismo Bulegoko zuzendaria, hainbat ordezkarirekin batera, Fitur azokan. (Zarauzko Udala)

Proiektua garatzeko lanketa berritzaile bat eraman dute aurrera, Haagos enpresaren laguntzarekin. Balea ikur turistikoa garrantzitsua izango da aurrerantzean Zarauzko Familia Turismoaren eskaintzan.

Fitur Nazioarteko Turismo Azoka ospatzen ari dira aste honetan Madrilen (Espainia), eta, urtero bezala, Zarautz presente izan da Ifema erakustazokan. Udaleko eta Turismo Bulegoko ordezkariak azoka bisitatu eta sektoreko profesionalekin antolatzen diren bileretan aritzeaz gain,  Zarautz Familia Giroan proiektua aurkeztu dute.

Leire Arana Turismo zinegotzia arduratu da proiektua aurkezteaz, eta Euskadi-Basque Countryren postuan egin du. Zinegotziak adierazi du Zarautz "erreferentea" dela Familia Turismoaren merkatuan eta bide beretik jarraitu nahi duela. Merkatu horretan "bikaintasunezko helmuga" bezala kokatzeko hainbat lan-ildo abiatu dituztela azaldu du Aranak: "Euskadi Familiartean ekimenean aktiboki parte hartzen dugu eta 2021eko maiatzean Familia Turismoaren zigilua eskuratu genuen. Urte hartan bertan, lan talde publiko-pribatu bat martxan jarri genuen, jarduera honekin erlazioa duten eragile guztiak integratuz, Zarautz Familia Turismo jasangarriko helburu lider bezala garatzeko helburuarekin".

Proiektua garatzeko, ekimen berritzaile batean lan egin du Turismo departamentuak zuzendutako mahaiak, horrelako proiektuetan aditua den Haagos enpresaren laguntza teknikoarekin. Lanketak bi fase nagusi izan ditu, eta lehen fasean, Zarauzko hamasei enpresek eta bertako elkarteek, Murkil eta Zurekinek, hartu zuten parte datuen bilketan eta analisian. Baita familientzat interesgarriak diren herriko baliabide, ekitaldi, laguntza eta zerbitzuen inbentarioa sortzen ere.

Bigarren fasean, berriz, Zarauzko sei enpresek (Egona apartamentuak, Talaimendi apartamentuak, Kaixo apartamentuak, Alameda Hotela, Essus Surf Eskola eta Arazi) eta bi elkarteek proiektuari jarraipena eman zioten, eskaintza lantzeko eta segmentatzeko.

Balea, ikur turistikoa

Zarauzko Familia Turismoaren eskaintzan, balea ikur garrantzitsua izango da. Alde batetik, Azken Balea izeneko joko interaktiboa sortu dute, Iternatura enpresak garatuta: mugikorrerako scape motako web-app jokoa da eta bere helburu nagusia litzateke familiek Zarauzko baleontzien historia eta tradizioa ezagutzea. Herrian barna geolokalizatutako hamabost joko puntuz osatutako ibilbidea da, izatez, eta jokalariek enigmak ebatzi beharko dituzte  aurrera jarraitzeko.

Bestalde, bi euskarri sortu dituzte, non balea jostari bat den protagonista. Lehenengoa Zarauzko plano bat da, eta begirada bakar batean eta modu argian, herrian egin daitezken jarduera nagusiak ikusi ahal izango dituzte familiek hiru eremutan banatuta: Kostaldearen zirrara, hondartzarekin eta itsasoarekin lotutako jarduerak; Berdeguneen arnasa, gune naturaletako jarduerekin; eta Herrian zehar, tokiko merkataritza eta gastronomiaren eskaintza, kultura eta abar. Jarduera horiek guztiak planoaren atzealdean agertzen dira zehazten dira. Euskarri hau digitalean eta paperean egongo da eskuragarri.

Bigarren euskarria familiei egokitutako baliabide eta zerbitzuen inbentario osoa jasotzen duen liburuxka digitala da. Bisuala, koloretsua eta etxeko txikienentzat erakargarria izan dadin landu dute. Hemen ere planoko balea bera da protagonista, eta orrialde bakoitzean, familiei zuzendutako jarduerez eta zerbitzuez gain, Zarautzi buruzko informazio garrantzitsua jasotzen du.

Zarautz Familia Turismoaren helmuga nagusi izateko proiektuaren barruan, Zarautz Familia Giroan ekimena ere badago. Maiatzeko lehen asteburuan ospatzen den familia ekitaldia da eta, aurten, hirugarrenez egingo dute. Sorpresaz beteta egongo dela iragarri dute, baina programa zehatza aurrerago jakinaraziko dute. Hala ere, ez dira faltako tailerrak, txangoak, ur-kirolak, puzgarriak, ikuskizunak eta gastronomia

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide