"Gu bai garela Zarauzko kirolari onenak!"

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 25a

Kirol Sarien ekitaldia egin zuten atzo Modelo aretoan, eta 2023ko kirolari, kirol talde  eta eragile nabarmenenak saritzeaz gain, Soinketa programan dabiltzan 85 urtetik gorako zortzi herritarri aipamen berezia egin zieten.

2023ko Zarauzko kirolari nabarmenenak aitortzeko ekitaldia egin zuten atzo Modelon, eta aretoak gainezka egin zuen sari banaketa bertatik bertara ikusi ahal izateko. Guztira, zazpi oroigarri banatu zituen Zarauzko Udalak, zazpi kategorietan banatuta.

Nerea Uria golf jokalaria eta Gorka Aranberri arrauneko patroia izendatu zituzten urteko kirolari onenak; taldeka, arrauneko neskak eta errugbiko mutilak; entrenatzaileei dagokionez, halterofilia ataleko Jaizki Mendizabal eta Imanol Zulaika; babesletzaren saria, berriz, Gran Camping Zarautzi; eta, azkenik, boluntario lanean aritzen den Iker Erkiziari.

Saritu guztiek izan zituzten esker hitzak, gertuenei zuzendutakoak ez ezik, baita taldekideei, klubei eta udalak emandako laguntzari ere. Aranberrik adierazi zuen arrauna oso kirol lotua dela, eta askotan etxetik kanpo denbora luzez egoten dela. Horregatik, oroigarria emazteari eskaini zion. Uriak eta Mendizabalek eskaintza berezia egin zieten euren aitei, haiengandik ikasitako eta jasotako guztiagatik harro zeudela nabarmendu zuten. Erkiziak oso urduri pasatu zuen egun osoa, eta halaxe igo zen oholtza gainera. Ez zeukan ezer esatekorik prestatu, eta labur-labur, eskerrak eman eta Zarauzko Eskubaloiari eskaini zion saria.

Ekitaldiaren amaieran, sarituen familia argazkia atera baino lehen, aipamen berezia egin zieten udaleko Soinketa programaren barruan Aritzbatalde kiroldegian kirola egiten duten 85 urtetik gorako herritarrei.Hori horrela, zortzi lagunek pozarren jaso zuten merezitako oroigarria: Margarita Arana Esquibel, Ventura Cerrato Sanchez, Teresa Lizanzu Martinez, Mari Carmen Lizaso Agirre, Antonia Moral Garcia, Juana Olaetxea Iturbe, Maria Ortega Marin eta Santiago Villar Nuñez. Gainera, mikrofrono aurrera atera eta beraien aldarria ere egin zuten: "Gu bai garela Zarauzko kirolari onenak!".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide