Atzo hasi eta igandera bitartean egingo da Fitur turismo azoka Madrilen (Espainia). Nazioarte mailako azoka garrantzitsua, erakunde publiko eta enpresa probatu ugari bertaratzen dira proposamen turistikoak erakustera. Horien artean da Gipuzkoako Foru Aldundia. Erakundeak azaldu duenez, lurraldeko zazpi helmuga edo proposamen sustatzeko asmoa du azoka honetan.
Jarduera turistikoa urtarokotasunetik ateratzea eta Gipuzkoara iristen diren bidaiarien fluxuak lurralde osoan modu orekatuagoan banatzen laguntzea da aldundiaren helburua. "Zazpi proiektu horiek bete-betean lerrokatzen dira estrategia horrekin, eta turismo-industria gipuzkoarren bizikide hobea izan dadin laguntzeaz gain, turismo-jarduerak sortzen duen enplegua eta aberastasuna Gipuzkoako eskualdeetan modu orekatuagoan banatzen laguntzen digute", azaldu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. "Lurralde gisa asko dugu eskaintzeko, eta Fitur lehen mailako erakusleihoa da turismo-industriak eta bisitariek Gipuzkoa sakon ezagutu dezaten. Izan ere, ez gara hondartzaz edo mendiaz soilik ari, gastronomiaz, kulturaz, hiri-paisaiaz, historiaz, tradizioaz... ere ari gara. Azken batean, gure inguruko beste norako batzuetatik bereizten gaituen eta gipuzkoar gisa nabarmentzen gaituen guztitik", azpimarratu du diputatuak.
Madrilen sustatu nahi duten helburu edo proposamenen artean Zarautz, familian izenekoa dago. Aldundiak nabarmendu du Zarautz Gipuzkoan "surfa maite dutenen meka" dela, "baina pandemiaz geroztik, familian bidaiatzen duten pertsonentzat ere erreferentziazko helmuga bihurtu nahi du Zarautzek. Familiaren helmuga turistiko gisa zigilua lortu ondoren, herriak bikaintasunerantz pauso bat eman nahi du orain, eta hainbat ekimen jarriko ditu abian, besteak beste, gymkhana baten antzeko funtzionamendua duen joko interaktiboa, nerabeei zuzendua".
Azokan bultzatuko duten beste sei proposamenak edo erakargarri turistikoak Euskal Kostaldeko Geoparkea, Zumarraga Bide Bizia, HAG Debako historiaurreko arana, GR-289. Hartzaren urratsak, Pasaia Itsas Festibala eta Ficoba, euskal kostaldeko topaketa profesionalen egoitza dira.