2023ko Kirol Sarien ekitaldia egingo dute bihar, Modelon

Aritz Mutiozabal 2024ko urtarrilaren 23a

Iazko Kirol Sarien banaketa ekitaldiko saridunak Modeloko oholtza gainean. (Aritz Mutiozabal)

Guztira, zazpi sari eman dituzte 19:00etatik aurrera. Iazko kirolari eta kirol talde onenek aitortza jasoko dute, baita entrenatzaile, babesle eta eragile nabarmenenek ere.

Ohiturari jarraituz, urtean zehar nabarmendu diren kirolari eta kirol taldeak aitortzeko ordua iritsi da, baita babesleak eta kirolari oso lotutako pertsonak eta eragileak ere. Zarauzko Udalak abendu amaieran eman zituen jakitera kategoria bakoitzeko irabazleen izenak, eta bihar arratsaldean kirol sarien banaketa ekitaldia egingo dute, 19:00etan hasita, Modelo aretoan.

2023ko Kirolari Onenaren sariak Nerea Uria golf jokalariarentzat eta Gorka Aranberri arrauneko patroiarentzat izango dira. Real Golf Club Zarautz taldeko kidea da Uria, eta Euskadiko ligan gailendu da emakumezkoen kategorian. Aranberrirentzat ere urte biribila izan da: Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu, eta, horrez gain, arraun denboraldiko patroi onenaren saria lortu du.

Talde onenei dagokienez, Zarautz Gesalaga Okelan arraun taldea sarituko dute emakumezkoetan, eta Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldea, gizonezkoetan.  Azken denboraldian lau bandera irabazi ditu emakumezkoen senior taldeak. Gainera, hirugarren postuan bukatu du ETE liga. Errugbiko mutilek, haien aldetik, denboraldi bikaina osatu zuten Ohorezko B mailan, eta ondorioz, bigarren postuan sailkatu ziren, igoera faseko finala jokatzetik oso gertu.


Atzeko lana baloratuz

Kirolariak eta kirol taldeak ez ezik, atzetik egiten den lan eskerga guztia ere aitortu nahi izaten du udalak urtero. Izan ere, boluntariotza, babesletza eta eragiletza handia dago Zarauzko kirolak aurrera jarrai dezan.

Hori horrela, Entrenatzaile Onenaren saria ZKEko Halterofilia saileko Jaizki Mendizabalek eta Imanol Zulaikak jasoko dute. Azken urteetan halterofiliak Zarautzen izan duen bilakaeraren eta lortutako emaitza onen erantzule garrantzitsuak izan dira, eta horri balioa eman nahi izan diote.

Kirol Babeslearen aitortza, berriz, Gran Camping Zarautzentzat izango da. Izan ere, Gran Camping Zarautzek urteak daramatza herriko kirola sustatzen, batez ere futbola.
Azkenik, Kirola Bizi sari berezia Iker Erkiziak jasoko du. Zarauzko kirolaren eragile garrantzitsua da bera. Aritzbatalde kiroldegiko pistan zein beste kirol instalakuntzetan boluntario moduan dabil lanean azken urteetan, bereziki Zarauzko Eskubaloiarekin elkarlanean; markagailuaren ardura du  Erkiziak, eta Amenabar zein Aialako partidak bideoz jasotzeaz gain, zuzenean ematen ditu youtube kanalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide