Goizuetako Alduntzin jauregira egingo du txangoa Pagoeta elkarteak igandean

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urtarrilaren 22a

Goizuetako Alduntzin jauregia. (Wikiloc)

Zailtasun teknikorik gabeko 14 kilometroko ibilbide zirkularra egingo dute. 07:30ean abiatuko dira Zarauztik eta bazkalordurako itzuliko dira. Interesdunek jada eman dezakete izena Mendizabal kinkila-dendan. Osteguna izango da azken eguna.

Pagoeta elkarteak irteera antolatu du iganderako eta interesdunek dagoeneko eman dezakete izena. Goizuetako Alduntzin jauregira joango dira, zehazki, eta parte hartu nahi dutenek Mendizabal kinkila-dendan egin dezakete inskripzioa, ohi bezala. Osteguna izango da horretarako azken eguna.

Antolatzaileek zehaztu dute, halaber, 14 kilometroko ibilbide zirkularra egingo dutela eta 650 metroko desnibel metatuta duela. Nondik igaroko diren ere azaldu dute: Alduntzin jauregitik abiatuko dira, eta, handik, Deskantzuko gainera igoko dira. Ondoren, Altzuetako muinotik, Elizburutik, Meatzarretatik, Aritzatuetatik eta Arriurdiñetako harrobitik igaroko dira; hala, Alduntzinera iristeko, atzera berriro.

Pagoetako kideen esanetan, ibilbideak ez du zailtasun teknikorik eta erraz egiteko modukoa da. Hori horrela, aurreikusi dute bost orduan amaituko dutela, eta, ondorioz, bazkalordurako izango direla herrian bueltan. 07:30ean irtengo dira Agoues biribilgunetik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide